Familiako kide kopuruaren eta etxeko diru-sarrera ponderatuekin duten taularen arabera (Errenta Aitorpena) finkatzen dute dirulaguntza hartzeko aukerarik baden edo ez.
ESKATZAILE IZATEKO BALDINTZAK
- Etxebizitza ohiko bizitoki iraunkorra izatea, ez bigarren bizitokia.
- Etxeak 20 urte baino gehiago izatea, salbu pertsona desgaituendako egokitu edo derrigorrezko arau teknikoak betetzeko baldin bada.
- Obraren aurrekontu babesgarria etxebizitzako 2.000 eurotik gorakoa izatea.
- Obrak hasi gabe egotea. Behin-behineko kalifikazioa egiten denetik, obra sei hilabeteko epean hasi eta 36 hilabeteko gehienezko epean bukatzea da.
- Etxeak 50 urte baino gehiago duenean, beharrezkoa da EETa izatea (Eraikinak Ebaluatzeko Txostena).
- Dirulaguntza eskatzaileak duen adinaren diru-sarreren eta etxearen antzinatasunaren arabera emanen da.
DIRULAGUNTZAK ZERTARAKO?
Dirulaguntzak bizitokiaren barneko obrak egiteko eta etxearen elementu komunitarioak (teilatua, eskailera, fatxada…) zaharberritzeko izaten ahal dira:
- Etxearen egitura edo funtzionamendua egokitzeko (teilatua, fatxadak, igogailua, elektrizitatea, iturgintza,…).
- Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eraikin osoan (isolamenduak, berokuntza sistema jarri edo aldatu, galdara edo leihoak aldatu…).
- Irisgarritasuna hobetu eta trabak kentzeko (elbarriendako eta adinekoen oztopoak…).
- Bizigarritasun baldintzak hobetzeko etxe barneko obrak (bainuontzia kendu eta dutxa jartzea, hodiak eta txorrotak aldatzea…).
- Etxeetan bizitzeko egokia den azalera handitzeko (120 m2 erabilgarri arte) eta etxebizitzak egiteko, lehendik dauden etxebizitza handiak zatituz.
- Indarrean dauden lege eta araudietara egokitzeko.
- Desgaitasunen bat duten pertsonentzat etxea egokitzeko dirulaguntza bereziak daude.
Nasuvinsak eta Sakanako Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2022an 277 etxebizitza birgaitzeko 1.454.163 euro hartu ziren. 2021ean, aldiz, 201 etxe birgaitzeko 1.494.937 euro hartu ziren. Dirulaguntza eskaerak tramitatzeko edo informazioa eskatzeko NASUVINSAk Donezteben edo EZABUk Lakuntzan duen telefonoetara deitu eta hitzordua hartu behar da.
NASUVINSAk tramitatzen ditu Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekan etxeak zaharberritzeko laguntzak. 848 420 140 (Doneztebe)
Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako bizilagunek, aldiz, Sakanako Mankomunitatera deitu behar dute (EZABU). 948 464 867 (Lakuntza)