Eraikuntza gehigarria

Obra ttikien laguntza-tramiteak arinagoak orain

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 26a, 10:00

Obra 10.000 € baino merkeago denean (BEZa gabe), laguntza eskaera tramitatu eta berehala hasten ahal da obra orain

Berriki arte, etxean egin nahi zen obrarendako dirulaguntza eskatuz gero, obra hasi baino lehen Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuko baimena eskuetan izatea beharrezkoa zen, eta tramite horrek 4-5 hilabete irauten zuen normalki. Orain ez da horren zain egon beharrik eta berehala hasten ahal da obrarekin.

ORAIN BI ESPEDIENTE MOTA DAUDE:
  1. Tramite AZKARRA 10.000 € BEZa gabe baino gutxiagoko obrendako.
  2. Tramite ARRUNTA 10.000 € BEZa gabe baino gehiagoko obrendako.

Bainugelan obraren bat egin nahi duenak, leihoak edo berogailuaren galdara aldatu, eskailerak igotzeko aulkia paratu edo instalazioren bat berritu nahi duenak, eta obra 10.000 euro baino merkeago denean, laguntza eskaera tramitatu eta berehala hasten ahal da obrarekin. Hartara, obra txikiendako prozedura administratiboa azkartu egin dute.

10.000 euro baino gehiagoko obren kasuan, aldiz, lehendik zegoen prozedura arruntarekin segituko dute eta laguntza eskaera tramitatzen denetik 4-5 hilabete pasatuko dira Etxebizitza Zerbitzuko baimena eskuratu eta obra hasi ahal izateko.

Zernahi dela, dirulaguntza desberdinen inguruko informazio zehatzagoa jasotzeko komeni da galdetzea Nasuvinsak Donezteben duen bulegoan edo Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen bulegoan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun