Arantzan, Areson, Eratsunen, Urrozen eta Zubietan udal hauteskundeak izanen dituzte. Urrian bukatu zen zerrendak aurkezteko epea, eta ustekabeko zerrendak aurkeztu dituzte hauteskunde partzial hauetan. Aulki Zuriak izeneko estatu mailako mugimenduak eskualdeko lau herritan aurkeztu du bere hautagaitza: Arantzan, Areson, Urrozen eta Zubietan. Arantzako eta Zubietako kasuan, horrez gain, herritarrek osatutako taldeak ere aurkeztu dituzte, baina Areson eta Urrozen Aulki Zuriena da zerrenda bakarra.
Areso eta Urrozko kasuak
Aulki Zuriak alderdia izan da Areson eta Urrozen hauteskundeetara aurkeztu den zerrenda bakarra. Ez dira herritarrak, eta ez da ohiko alderdia, boto zuriari balioa eman eta kargua ez hartzea baita beraien hauteskunde programako puntu bakarra. Sare sozialetan adierazi dutenez, «udalean ordezkaritza lortzeko botoak jasota ere ez dugu kargua hartuko».
Alderdi batek ordezkaritza lortzeko botoen % 5 behar du, Urrozen gutti goiti-beheiti zazpi boto eta Areson hamar boto. Bada Aulki Zuriak alderdiak beharko lituzkeen boto horiek aterako balitu ere, errandakoa beteko balu, ez luke alkate eta zinegotzi kargurik hartuko. Beraz, kudeaketa batzorde baten eskuetan geldituko lirateke udalak. Areson, adibidez, dagoeneko bilerak egiten hasiak dira kudeaketa batzorde hori sortzeko.
Arantzan eta Zubietan herritarrak eta Aulki Zuriak
Arantzan herritarrak EH Bildu taldean bildu dira. Xatur Larralde Ibarrola dute zerrendaburu, eta berarekin batera, udaleko martxan esperientzia dutenek eta aurpegi berriek osatu dute taldea. Aulki Zuriak taldea ere aurkeztu da, baina ez da bakar bat ere aranztarra.
Zubietan herritarrek Herriko Taldea osatu dute, egungo alkate Ernesto Dominguez Olea buru dutela. Azken agintaldian ondoan izan dituen zinegotziak eta izen berriak ageri dira berarekin batera taldean. Gainerakoan, Aulki Zuriak taldean ez dago zubietarrik.
Eratsunen herritarren bi talde
Pausoz Pauso eta Saiatu taldeak dira Eratsunen udal hauteskunde hauei begira osatu dituztenak. Kasu honetan, 250 biztanle baino guttiago izanda, zerrenda irekia da, eta boto emaile bakoitzak gehienez ere bortz hautagairi ematen ahalko dio botoa. Hautagai bakoitzak dituen botoak zenbatu ondotik, horren arabera erabakiko dira zein diren udal ordezkariak.
Narbarten hauteskunderik ez
Narbarten ere kontzejua osatzeko hauteskundeen bigarren deialdia egina zuten, baina maiatzean bezala, aldi honetan ere ez da inor aurkeztu.
Jarraipen berezia
Igande arratsean, emaitzak bildu orduko argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUS atarian. Bide batez, igandeko hauteskundeen emaitzen atarian, hauteskundeek orain arte utzi dutena eta datu historikoak ERRAN.EUSen kontsulta daitezke; 2023ko udal hauteskundeei buruzko atal berezian, eta datu historikoak lotura honetan. 1977an Espainiako Kongresurako egin ziren hauteskundeen datuetatik hasita gaur egun arte gure eskualdean egin diren hauteskundeen datuak eskualdeka edo herriz herri kontsulta daitezke eta nahi izatera, bi hauteskunderen konparaketak ere egin daitezke.
Bertzalde, igandean, 09:00etatik 20:00etara irekiko dituzte hauteskunde mahaiak, eta udalbatzak abenduaren 16an osatuko dituzte.