Iker Vicentek Nafarroako bederatzigarren txapela jantzi du Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 20a, 10:00
Doneztebeko herri kirol jaialdian parte hartu zuten bortz aizkolariak eta bi harri-jasotzaileak, Iker Vicentek txapela jantzi eta gero.

Jon Rekondo leitzarra hirugarren izan zen eta Zigako Joxean Etxeberria laugarren feria egunean jokatutako finalean

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen azaroaren 17an, Doneztebeko feria egunean, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Pronostikoa bete eta Otsagabiko Iker Vicentek bere bederatzigarren txapela jantzi zuen. Arribeko Ibai Soroa eta Leitzako Jon Rekondo izan zituen lagun podiumean.

Espero bezala, Iker Vicente izan zen bizkorrena lau kanaerdikoak, lau 60 ontzakoak eta bi oinbikoak mozten. Ordu erdi baino guttiago behar izan zuen lan hori burutzeko (28.35). Ia sei minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Ibai Soroari (34.30) eta zazpi minutu baino gehiagokoa hirugarren izan zen Jon Rekondo leitzarrari (35.53). Laugarren Zigako Joxean Etxeberria izan zen (39.45) eta bosgarren Arribeko Txomin Amundarain (42.03).

Nafarroako aizkolari txapelketako podiuma, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatearekin eta Jon Telletxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentearekin.

Bederatzigarren txapelarekin, Floren Nazabal berdindu du Vicentek eta txapel bakarrera du Mikel Mindegiaren errekorra (hamar lortu zituen).

Bederatzigarren txapela jantzi du Iker Vicentek, Floren Nazabalen marka berdinduz eta Mikel Mindegiaren errekorretik txapel bakarrera.

Aizkolarien txapelketa ofizialaz gain, Olaia Esnaola azpeitiarrak eta Udane Ostolaza oriotarrak erakustaldia egin zuten harri-jasotzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun