23. Korrika

2024ko korrika Irunen hasiko da martxoaren 14an eta Baionan finituko hamaika egun beranduago

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 16a, 19:30

Gaur aurkeztu dute Donostian 24. Korrika, martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan bukatuko dena. Edizio berriaren leloa Harro herri izanen da, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle. Omendua, aldiz, Azterketak Euskaraz kolektiboa izanen da.

Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen hasiko da, martxoaren 14an; eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan finituko da, Lapurdiko hiriburuan. Han, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko egitaraua prestatuko dute.

Harro Herri

AEK-k aurkezpen ekitaldian gogorarazi bezala, «aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro KORRIKAn». Hala aitortu du Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta KORRIKA batzordeko kideak:«KORRIKAk herri-aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko KORRIKAko indar erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan».

Halere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu du Balantzategik. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan duten «ardura garrantzitsua» ekarri du gogora: «Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte». Bien bitartean, orain arte bezala, KORRIKAk bilduko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.

Aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazle bikaina, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea, hain zuzen ere, Frantziako Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena. Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzaile nagusiak erran bezala, «gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun». KORRIKAk eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza aipatu du Elordik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun