Berriozarko Herri Kirol taldeak Euskal sokatira 4x4 jaialdia antolatu du azaroaren 19an eta egun osoko programazioa antolatu du horretarako. Sokatira eta kirol honetan ibiltzen diren taldeak ikusgarriagoak egin nahi dituzte. Amaiur eta Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkariak.
Baina gizonezkoen (300 kilo), emakumezkoen (245 kilo), mistoan (280 kilo) eta 23 urtez beheitiko kategorietan playoff formatuan tiratuko duten 42 taldeez gain, bazkaria, Abian taldearen kontzertua eta pantaila erraldoia ere izanen dituzte igandean Berriozarren.
42 talde lau txapelen bila
23 urtez beheitiko kategorian ez da eskualdeko ordezkaritzarik izanen, baina hamar taldek tiratuko dute: Abadiño A eta B, Antsoain A, B eta C, Berriozar A eta B, Txantrea eta Zuraide A eta B.
Gizonezkoen 300 kiloz beheitiko kategorian hamabi talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Antsoain, Berriozar A eta B, Ibarra, Murueta A eta B, Txantrea A eta B eta Zuraide A eta B ariko dira.
Emakumezkoen 245 kiloz beheitiko kategorian zortzi talderen arteko lehia izanen da: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Antsoain, Araxes, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea.
280 kiloz beheitiko kategoria mistoan, azkenik, hamabi talde ariko dira. Amaiurrek eta Beti Gaztek bina talde paratuko dituzte goma gainean (A eta B). Eskualdeko tiralariekin batera, Antsoain, Araxes, Berriozar A eta B, Ibarra A eta B eta Txantrea ariko dira.