Tresna digitalekin txikizkako merkataritza indartzeko kanpaina paratu du martxan Denok Bat merkatarien federazioak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 15a, 09:00

Denok Bat Merkatarien eta Zerbitzuen Federazioak bere «ekosistema digitala» aurkeztu du, ohiko salmenta tresna digitalekin osatzeko eta indartzeko helburuarekin. Gisa honetara, federazioaren barrenean dauden elkarteetako merkatarien jarduera sustatu nahi du. Tartean daude, Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako merkatarien elkarteak.

Denok Bat federazioa Nafarroako sei merkatarien elkartek osatzen dute: 74 bazkide dituen Baztango Bertan Baztan elkarteak, 48 bazkide dituen Berako Larun Haizpe elkarteak, 38 bazkide dituen Doneztebeko merkatarien eta zerbitzuen elkarteak, 27 bazkide dituen Lesakako Zerbitzuen Elkarteak eta Iruñeko Arroxapea auzoko eta Sakanako merkatarien elkarteek.

Martxan paratu duten ekosistema digital horren barrenean, web orria eta bertze tresna digitalak bildu dituzte: giltzaria fideltasun edo bezero txartela eta Toptopa erosketa plataforma, hain zuzen. Horrekin batera, sistema informatiko guztiak lokalean eta hodeian integratzeko lanean ere ari dira.

Superbotereak

Bertzalde, Gure komertzioak mugitu dira eta superbotere berriak dituzte lelopean komunikazio kanpaina martxan dute. Gisa honetara, ohiko komertzioen alde onak erakutsi nahi dituzte: «arreta pertsonalizatua, herriak eta auzoak bizirik mantentzeko egiten den dinamizazioa...». Eta aldi berean, bezeroei eta merkatariei eskaintzen dizkieten tresna digitalen berri eman nahi diete, eta horren adibide dira, giltzaria txartela eta Toptopa online erosteko plataforma.

Ezkerretik hasita, Arantxa Arregi Cederna Garalur elkarteko presidentea, Natalia Rekarte Denok Bat federazioko lehendakariordea, Pablo Ezkurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia eta Eva Fontecha Nafarroako Merkataritza Ganberako proiektuen arduraduna.

Proiektua joan den ortziralean aurkeztu zuten Iruñean, eta bertzeak bertze, Natalia Rekarte Denok Bat federazioko lehendakariordeak, Pablo Ezkurra Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendari Nagusiak, Arantxa Arregi Cederna Garalur elkarteko presidenteak eta Eva Fontecha Nafarroako Merkataritza Ganberako proiektuen arduradunak parte hartu zuten. Rekartek «Denok Bat federazioak 300 enpresa biltzen dituela» nabarmendu zuen, eta federazioaren helburua «merkatarien kolektiboak indartu eta kudeatzea eta landa eremuetako eta hirietako merkataritza dinamizatzea eta sustatzea» dela esplikatu zuen.

Ezkurrak, berriz, tokiko merkatarien «bi arazo nagusiak» zein diren kontatu zuen: «ekintzailetza falta, batez ere gazteen aldetik, eta belaunaldien arteko errelebo falta, funtzionatzen duten komertzioak ixten ari baitira ez dagoelako segidarik». Bide horretan, «dendak lehiakorragoak izateko, transformazio digitalaren beharra» nabarmendu zuen, eta «arazo horiei aurre egiteko babesa emanez eta teknologia funtsa bezalako laguntzekin halako proiektuak lagunduz gobernua egiten ari den esfortzua» azpimarratu zuen.

Rekartek garbi utzi nahi izan zuen merkatarien egoera «konplikatua» dela, eta «2022an Nafarroan itxiko liratekeen denden aurreikuspena eginda, urte batean 1.7000 lanpostu baino gehiago eta hiru urteren buruan 3.600 lanpostu inguru galduko liratekeela» ohartarazi zuen. Baina hortik haratago, tokiko eta hurbileko merkatarien egoera hori izanda ere, «sektorea eguneratzeko eta modernizatzeko, garai berrietara egokitu ahal izateko eta bere presentzia babesteko» Denok Bat federazioa egiten ari den «apustu sendoa» nabarmendu zuen, «herriak eta auzoak bizirik mantentzeko nahitaezkoak baitira».

Azkenik, Fontecha «publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren garrantziaz» aritu zen, eta Merkataritza Ganbarak transformazio digitalerako egindako apustua aipatu zuen.

Proiektu hau aitzinera ateratzeko 87.175 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak, 2023ko Teknologia Funtsa deialdiaren bitartez, eta Cederna Garalur elkartearekin egindako lankidetza hitzarmenaren bitartez, 18.018 euroko laguntza hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun