Botoa posta bidez eman nahi dutenek urri hasieratik egin dezakete eskaera eta bi bide dituzte horretarako: Internetez ziurtagiri elektronikoarekin lotura honetan edo Correosen posta bulegoetan eskaera orria beteta. Boto emaileek eskaera sinatu eta postariak edo posta bulegoko langileak data eta zigilua paratzen dituela konprobatu beharko dute. Posta bidezko botoa eskatzen dutenek ezin izanen dute hauteskunde egunean mahaian botorik eman.
Hautesle Erroldaren Bulegoak gutun ziurtatu baten bitartez botoa emateko behar den dokumentazioa bidaliko dio boto emaileari eta hori azaroaren 19a baino lehen egin beharko du. Horren ondotik, posta bulegoan botoa azaroaren 22ra arte utzi ahal izanen da.
Ustekabeko zerrendak udal hauteskundeetan
Aulki Zuriak izeneko estatu mailako mugimendua izan da hauteskunde partzial hauetako sorpresa, zerrendak aurkeztu baititu Arantzan, Areson, Urrozen eta Zubietan. Ez dira herritarrez osatutako taldeak. Eratsunen, berriz, herritarrekin bi zerrenda egin dituzte. Eta Narbarteko kontzejurako ez da hautagairik aurkeztu.
Areson eta Urrozen zer?
Aulki Zuriak alderdiaren hauteskunde programak puntu bakarra du: lor litekeen edozein eserleku hutsik uztea. Urrozen eta Areson aurkeztu den zerrenda bakarra hori da. Alderdiak sare sozialetan honela adierazi du, «herritarrek ez dute zertan kezkatu, gu aurkeztu ez bagina bezala daudelako. Batzorde kudeatzaile bat izanen dute». Batzorde kudeatzailea bigarren deialdian zerrendarik aurkezten ez denean edo hauteskundeak baliorik gabe gelditzen direnean osatu behar izaten da.
Arantzan eta Zubietan herritarren taldea eta Aulki Zuriak
Arantzan herritarrek EH Bildu taldea aurkeztu dute. Xatur Larralde Ibarrola da zerrendaburua eta berarekin batera, udaleko martxan esperientzia dutenak eta aurpegi berriak bildu dira taldean. Aulki Zuriak-ek ere aurkeztu du taldea Arantzan, baina zerrendako inor ez da herritarra.
Zubietan, berriz, herritarrak Herriko Taldean bildu dira, egungo alkate Ernesto Dominguez Olea buru dutela. Taldea azken agintaldian ondoan izan dituen zinegotziek eta izen berriek osatu dute. Zubietan bertze taldea Aulki Zuriak da, eta kasu honetan ere ez da inor herritarra.
Eratsunen herritarren bi talde
Pausoz Pauso eta Saiatu taldeak aurkeztu dira Eratsunen udal hauteskunde hauetan, eta biak herritarrekin osatutakoak. Eratsunek 250 biztanle baino guttiago dituenez, zerrenda irekia da, alegia, boto emaile bakoitzak gehienez bortz hautagairi ematen ahal die botoa. Hautagai bakoitzak dituen botoak zenbatzen dituzte, eta horren arabera hautatzen dituzte ordezkariak.
Ikusi herriz herriko zerrendak lotura honetan
Mahaien zozketarik ez
Hauteskundeen bigarren deialdia izanik, ez dute hauteskunde mahaien zozketarik egin, eta beraz, maiatzean egon zirenei berriz mahaian egotea tokatuko zaie.
Gainerakoan, hauteskunde kanpaina atzo, azaroaren 11n, hasi zen eta azaroaren 24ra arte iraunen du. Udalbatzak, berriz, abenduaren 16an osatuko dituzte.