Alerta meteorologikoak udalerrietara bidaltzeko sistema automatizatua abiatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 11a, 12:00

Udalerrietako ordezkariek berehala izanen dute haien herriko alerta meteorologikoen berri, beharrezko neurriak hartu ahal izateko

Azarotik aitzinera, bere eskualdeari eraginen dioten AEMETeko alerta meteorologikoak automatikoki hartzeko sistema izanen dute Nafarroako udalerriek. Honen helburua herrietako ordezkariak azkartasunez informatzea da, beharrezko neurriak har ditzaten eta, behar izanez gero, alerta planak aktiba ditzaten.

Sistema berriarekin AEMETeko abisuak publikatu bezain laster ailegatuko zaizkio Nafarroako Gobernuari, larritasunaren arabera laranja edo gorri kolorean klasifikatuz, eta gobernuak eragina izanen duten udalerrietako ordezkariei bidaliko die. Udalekin batera adostuko dute informazioa bidaltzeko bidea, Telegram edo korreo elektroniko bidez.

Orain arte, AEMETeko abisuak SMS bidez ailegatzen ziren Nafarroako Larrialdi Zerbitzura, eta zerbitzuak alkateei jakinarazten zien SMS bidez. Honek lan gehiago suposatzen zuen larrialdi zerbitzurako, eta batzuetan atzerapenak sortzen zituen abisuen bidalketan. Gainera, SMS aunitz igortzean motelago doaz, eta batzuetan «botila-lepoak» sortzen ziren bidalketetan, lehentasunezko mezuak atzeratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun