Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak landu du ikastetxeetako jardunaldia arautuko duen foru aginduaren txostena eta Nafarroako Eskola Kontseiluaren gehiengoak egin du horren alde. Zehazki, aldeko hamalau boto hartu ditu, kontrako lau eta abstentzio bakarra izan da. Hezkuntza Departamentuak erran duenez, txostenak «ikasleen eta haien familien edo legezko ordezkarien interesak, premiak eta ezaugarriak lehenesten ditu».
Aldaketak
Pandemia garaian ezarri zuten jardunaldi jarraitua Nafarroan eta 2022-2023 ikasturtean batzuk jardunaldi jarraituan eta bertze batzuk zatituan hasi ziren. Zehazki, Nafarroako Gobernuak araututako gehiengoa lortu zuten kasuetan ezarri zuten jarraitua; horretarako, hiru botazio gaindituta. Lehenbizikoan, irakasleen klaustroaren % 60k babestu behar zuen ordutegi aldaketa, ondotik, eskola kontseiluaren % 66,6k eta azkenik, guraso errolda osoaren % 60k.
Orain, ordea, Hezkuntza Departamentuak bukatutzat eman du jardunaldi jarraituaren eta malguaren «izaera esperimentala» eta hala, 2024-2025 ikasturtean ikastetxe guztiek jardunaldi zatitua izanen dutela erran du. Baina praktikan ez daude behartuak horretara. Jardunaldi jarraitua edo malgua eskatu nahi badute, gobernuak horretarako eginen duen deialdian parte hartu eta aldatzeko aukera izanen dute. Prozesua, ordea, hutsetik hasi beharko dute. Orain artekoak ez du balio.
«Ikastetxeetan ez badute prozesua abiatzen edo bozketetan ez badira guttienekoak lortzen, eskolaldi zatitua izanen dute, eta ondoko lau urteetan ezin izanen dute aldatzen saiatu».
Nora SALBOTX, Amaiurko eskolako zuzendaria
Prozesu horretan ere aldaketak egin dituzte. Eta halaxe jakinarazi dio Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendariak TTIPI-TTAPARI: «Jardunaldi jarraitura edo malgura aldatzeko, lehenbizi zuzendariak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko dio. Horren ondotik bozkatuko dutenak familiak izanen dira eta bortzetik hiruk aldeko botoa eman beharko du prozesuak aitzinera segitzeko. Hori lortuko balitz, klaustroan galdetuko lukete, baina irakasleen erabakia ez litzateke loteslea izanen. Segidan, ateratzen den emaitza eskola kontseiluari jakinarazi diote eta kasu honetan, hirutik bik aldeko botoa eman beharko dute». Gisa horretara aldatu ahal izanen da eskolaldia: «Ez baduzu prozesua abiatzen edo ez badira aipatutako guttieneko horiek lortzen, eskolaldi zatitua izanen dute ikastetxeek, eta ondoko lau urteetan ezin izanen da aldatzen saiatu».
Azken berrien harira, Salbotxek onartu du «irakaskuntza asaldatua» dagoela.
Eskualdean gehienak jarraituan
2022-2023 ikasturtean TTIPI-TTAPAren eremuan dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 31 ikastetxeetatik 21etan jardunaldi jarraitura pasatu ziren. Eta ikasturte honetan bertze bi gehiago izan dira jarraituan aritu direnak: Amaiurko eta Arizkungo eskola. Baztan Ikastolak ere zatitutik jarraitura aldatzeko eskaera egin zuen, baina gobernuak ez zion onartu.
Baztan
Almandoz IP | Jarraitua |
Arraioz IP | Jarraitua |
Azpilkueta IP | Jarraitua |
Elizondo IP | Jarraitua |
Erratzu IP | Jarraitua |
Gartzain IP | Jarraitua |
Irurita IP | Jarraitua |
Lekaroz IP | Jarraitua |
Oronoz IP | Jarraitua |
Ziga IP | Jarraitua |
Amaiur IP | Jarraitua |
Arizkun IP | Jarraitua |
Baztan Ikastola | Zatitua |
Malerreka
Doneztebe IP | Jarraitua |
Ituren IP | Jarraitua |
Saldias IP | Jarraitua |
Sunbilla IP | Jarraitua |
Bortziriak
Etxalar IP | Jarraitua |
Lesakako ikastola | Jarraitua |
Arantza IP | Zatitua |
Bera IP | Zatitua |
Bera IP | Zatitua |
Berako ikastola | Zatitua |
Berako Jesusen Bihotza | Zatitua |
Igantzi IP | Zatitua |
Lesaka IP | Zatitua |
Leitzaldea-Urumealdea
Areso IP | Jarraitua |
Goizueta IP | Jarraitua |
Leitza IP | Jarraitua |
Bertizarana
Legasa IP | Jarraitua |
Narbarte IP | Zatitua |
Xareta
Urdazubi-Zugarramurdi IP | Jarraitua |
Erabakiaren kontra
Foru aginduaren txostena, ordea, ez dute denek begi onez hartu, eta jardunaldi aldaketa gehiengo sinplearekin egitea eskatzen dutenek egin zituzten atzo Iruñean eta Tuteran.
Salatu dutenez, «15 urtetan 170 ikastetxetatik 145ek haien ordutegia aldatzeko prozesua eta esfortzua egin ondotik, orain, guztiak ordutegi zatitura bueltarazi nahi gaituzte». Eskola komunitatearen hautua «errespetatzeko» eskatu dute: «Atera nahi duten foru aginduan, prozesu demokratikoagora pasa beharrean neurriz kanpoko bozketak proposatzen segitzen dute, arauaren interpretazio maltzurra eginez». Horrekin batera, «irakasleak erabakitik kanpo» utzi dituztela kritikatu dute, «eskolan eta pedagogian duten ezagutza eta garrantzia gutxietsiz». Hala, «foru agindua argitaratu aitzinetik hori gelditzea» helburu dutela argitu dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!