Gurasoen % 39k ez du kontrolatzen seme-alabek ikusten dutena
Irachek CIESi eskatutako inkesta baten emaitzek diotenaren arabera, «gurasoen % 39k onartu du ez du kontrolatzen seme-alabek mugikorrean, tabletan edo Internet bidez ikusten dutena». Izan ere, gurasoek gero eta goizago ematen diete mugikorra seme-alabei. Espainiako INE Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, hamar urteko edo gutiagoko haurren % 21ek badu mugikorra, eta ehuneko hori % 75era igotzen da hamabi urterekin. Hamabortz urterekin, % 95ek dute mugikorra. Dagoeneko arras ohikoa da familiak telefonoa ematea seme-alabak DBHko 1. mailara iristen direnean, hamabi urterekin. «Presionatuta egiten dutela» diote guraso gehienak, bertze lagun edo ikaskideek dagoeneko badutelako.
Smartphone-rik ez ematea helduagoak diren arte
Gurasoak han eta hemen antolatzen ari dira euren seme-alabei mugikorrak erosteko adina atzeratzeko helburuarekin. Horrela, gurasoen artean akordioak lortzen saiatzen ari dira, eskola edo ikasturte bereko ahalik eta ikasle gehienek mugikorrik ez izateko, eta, hartara, ez dadin behar hori haurrengan sortu, edo presio soziala murriztu dadin smartphone-a erosteko.
Irachek dioenez, hainbat guraso taldetan konpromiso-gutun bat partekatzen ari dira Lehen Hezkuntzako 6. maila (11 urte) egiten ari diren ikasleen familiendako. Bertan, edozein ikastetxetako (paperean ikastetxearen izena jarri beharko litzateke) nahi duten pertsonei eskatzen zaie idatzita utz dezatela beren seme-alabei ez dietela mugikorrik emanen ez ikasturte honetan ez hurrengoan, DBHko 1. mailan.
Bertze toki batzuetan, mugikorraren erosketa atzeratzeaz gain, mugikorra eta Internet arduraz erabiltzeko jarduerak edo prestakuntza lantzen dute, bai gurasoen bai seme-alaben artean.
Eta bada Nafarroan abiatu den ekimen bat herriko saltokiak ere parte hartzera eraman dituena. Ekimen horrekin bat egiten duten saltokiek prest daude euren telefonoa adingabeei uzteko, eta saltokitik gurasoei telefono deitu ahal izateko.
Nafarroan, ikastetxe bakoitzaren irizpidearen arabera
Nafarroan ez dago ikastetxeetan telefono mugikorrak berariaz erabiltzeko araurik, eta, beraz, gai hori ikastetxe edo institutu bakoitzaren esku gelditzen da. Kasu batzuetan debekatuta dago eramatea, bertze batzuek eramatea baimentzen dute, baina ez erabiltzea, eta bertze batzuek ez dute mugatzen beren bizikidetza-araudian. Espainiako zenbait autonomia erkidegok, Madrilek, Gaztela-Mantxak edo Galiziak kasurako, debekatu egin dute, smartphonerik ikastetxeetan sartzea.
Nazioartean, Frantziak, Italiak, Greziak, Herbehereek edo Australiak dagoeneko onartu dituzte eskoletan mugikorren erabilera murrizteko legeak.
Adingabeen babesa
Haurtzaroko 70 erakundek baino gehiagok Interneten eta sare sozialetan adingabeak babesteko Estatu Ituna eskatu dute. Trantsizio Digitalerako Europako Elkartearen ekimen hau gazteek eta nerabeek eremu digitalean dituzten arriskuei eta ondorioei buruzko kezkatik sortu da, oraindik ez baitira prebentzio tresna nahikoak bultzatu eremu digitalerako.
Erabilera egokian hezteko elkarguneak
Testuinguru horretan, Irachek kanpaina bat hasiko du bere komunikazio kanalen bidez, ikastetxe edo kontsumitzaileen bulegoetan, herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzen joateko adingabeek mugikorrarekin duten erabilerari buruz, gero eta profesional gehiagok kezkagarritzat jotzen baitute gai hori.
Etxerako ideia batzuk
Nolanahi ere, badaude lagungarri diren jokabideak, seme-alabak Interneten eta mugikorren erabileran gidatzeko orduan. Hauek dira Datuak Babesteko Espainiako Agentziak eta Unicefek proposatzen dituzten jokabide batzuk:
- Mugikorra haurrei noiz eman planifikatzea.
- Arauak eta mugak gainbegiratzea eta jartzea.
- Sare sozialetan ematen diren datuak zaintzea.
- Gustuko bideojokoez interesatzea.
- Norekin hitz egiten duen jakitea.
- Seme-alaben zentzu kritikoa suspertzea.
- Laguntzeko prest agertzea.
- Gurasoek seme-alaben jokabideen erantzule direla jakitea.
- Deskonexio gune bat bermatzea.