Lizarrako erailketa salatzeko kalera aterako dira Leitzan, Beran eta Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 9a, 11:00

Samina eragin du Mateo Apestegi Lizarrako zazpi urteko haurraren hilketak. Autopsiak baieztatu du aitak semea besoetan zuela salto egin zuela Ubabako amildegitik, eta hilketa indarkeria bikarioko kasu bat izaten ahal dela uste du Espainiako Berdintasun Ministerioak.

Euskal Herriko mugimendu feministak salatu du Urbasakoa indarkeria bikario kasu bat dela eta hilketa hori salatzeko mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Gaur arratsaldean, osteguna, Leitzako plazan elkartuko dira 19:30ean.

Beran, aldiz, bihar, hilaren 10a, elkartuko dira Goldatz talde feministak deituta. Elkarretaratzea 20:00etan izanen da Mukixu zubian Aski da! lelopean.

Baztanen ere bihar arratsaldean izanen da elkarretaratzea, 18:30ean Elizondoko plazan, Baztango Berdintasun Batzordeak deitua.

Gizonek emakumeei sufrimendua eragiteko modu bat da indarkeria bikarioa, seme-alabei min egitean datzana. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun