Nafarroako emakumezkoen eta gizonezkoen sokatira txapelak jantzi ditu Beti Gaztek Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 11:30
Beti Gazte txapeldun, Amaiur bigarren eta Berriozar hirugarren, Nafarroako emakumezkoen sokatira txapelketaren podiumean.

Amaiur ere bi kategoriatan igo da podiumera, bigarren emakumezkoetan eta hirugarren gizonezkoetan

Lesakako Beti Gazteko sokatira taldeek ez zuten hutsik egin eta, pronostikoak betez, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen sokatira txapelak jantzi zituzten igande eguerdian Berako Eztegara pilotalekuan. Amaiur ere bi kategoriatan podiumean izan zen, bigarren emakumezkoetan eta hirugarren gizonezkoetan.

Beti Gazteko gizonezkoak tiran Berako Eztegara pilotalekuan.

Gizonezkoak zortzinaka aritu dira, 620 kiloko kategorian eta Elizondoko lehen jardunaldian bezalaxe, Beran ere Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guzietan. Bigarren posturako, aldiz, Berriozar nagusitu zitzaion Amaiurri (Elizondon Amaiur izan zen bigarren). Txantrea laugarren izan zen, Antsoainen aitzinetik. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Ander Mitxelena, Oskar Telletxea (Igantzi), Iker Pikabea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela. Unai Leiza ere aritu da tiran txapelketan.

Nafarroako sokatira txapelketako gizonezkoen podiuma Beran: Beti Gazte, Berriozar eta Amaiur.

Emakumeak, berriz, seinaka aritu dira, 385 kiloko kategorian. Honetan ere, Elizondoko lehen jardunaldian bezala, Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak Beran, Amaiur izan zen bigarren, Berriozar hirugarren, Txantrea laugarren, Araxes bosgarren eta Antsoain seigarren.  Beti Gazteko seikote txapeldunean Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Irati Andueza (Doneztebe), Ainhoa Etxegarai (Bera), Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Maialen Lopez laguntzaile zutela.

Beti Gazteko emakumeak tiran Berako Eztegara pilotalekuan.

Sariak eta txapelak banatzen izan ziren Jon Telletxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea, Aitor Elexpuru Berako alkatea, Angel Pombar Berako kirol zinegotzia eta Nerea Sorondo Berako aizkolaria.

Beti Gazteko gizonezko eta emakumezkoak Nafarroako txapeldun Beran. Aitzinetik txapelketa mistoa ere irabazi zuten.

 

Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa datorren asteburuan

Nafarroako txapelketako txapel guztien jabe egin da, beraz, Beti Gazte (mistoa, gizonezkoena eta emakumeena). Behin Nafarroako txapelketa bukatuta, Euskal Herriko 4x4 txapelketa jokatuko da datorren asteburuan. Azaroaren 11n, larunbatean, emakumezkoen (250 kilo) eta gizonezkoen (310) kategorietako txapelketa jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa) eta azaroaren 12an, igandean, kategoria mistokoa (280 kilo) Antsoainen.

Txapelketa ofizial honen ondotik, 4x4 sokatira jaialdia ere izanen da azaroaren 19an Berriozarren.

 

Euskal Herriko zortzinakakoa azaroaren 24an hasiko da Munduko txapelketari begira

Launakako lanak bukatuta, azaroaren 24ko asteburuan hasiko da Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa. Heldu den urteko otsailaren 8tik 11ra Munduko txapelketa Suediako Helsinborg hirian jokatuko dela kontuan hartuz, txapelketa garrantzitsua izanen da, bertan erabakitzen baita zein taldek ordezkatuko duen Euskal Herria, Basque Country, nazioarteko lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun