Ezkurra II.a eta Juanenea ariko dira 53. binakako erremonte txapelketa nagusian

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 08:00
Binakako txapelketa nagusian eta bigarren mailakoan ariko diren erremontista gehienak, aurkezpenean.

Bortz bikote lehiatuko dira 53. Binakako erremonte txapelketa nagusiko txapelaren bila. Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak Larrañagarekin eginen du bikote eta Aritz Juanenea saldiastarrak Segurolarekin. Beraiekin batera, Urriza-Azpiroz, Aldabe-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a-Martirena ariko dira. Partida guztiak Galarretan jokatuko dituzte.

Bortz bikote indartsuak dira eta ez dago faborito argirik. Lehen fasean denek denen kontrako ligaxka jokatuko dute, azaroaren 4an hasi eta abenduaren 16an bukatuko dena. Bertze jardunaldiak azaroaren 10ean, aaroaren 25ean, abenduaren 2an eta abenduaren 9an jokatuko dituzte. Ligaxkan lehenbiziko postuan sailkatutako bikotea zuzenean sartuko da abenduaren 30eko finalean eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatu beharko dute abenduaren 23an. Irabazlea sartuko da finalean. Ligaxkan laugarren eta bosgarren gelditzen direnak, beraz, txapelketatik kanpo geld¡tuko dira.

Jokatzeko sistema, azken txapelketakoaren berdintsua izanen da. Bi joko irabaztera jokatuko dituzte partidak. Bi lehenbiziko jokoak 15 tantora jokatuko dituzte eta hirugarrena, bortz tantora jokatu ordez, zortzi tantora jokatuko da. 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu eskuratuko ditu, 2-1 irabazten duenak hiru puntu, 1-2 galtzen duenak puntu bat, 0-2 galtzen duenak ez du punturik eskuratuko eta 0-2 galtzeaz gain, bi jokoen artean 15 tantora ailegatzen ez den bikoteak puntu negatiboa izanen du (-1).

 

Urrutia II.a, Apezetxea eta Zubiri bigarren mailakoan

Aurtengo berrikuntza bigarren mailako txapelketa izanen da. Hemen ere bortz bikote lehiatuko dira eta horietatik hirutan eskualdeko erremontistak ariko dira. Oskar Urrutia II.a saldiastarra Zaldua I.arekin ariko da, Oier Apezetxea goizuetarra Irazurekin eta Aritz Zubiri goizuetarra Gurrutxagarekin. Zaldua II.a-Aiestaran VI.a eta Loitegi-Eskudero iznen dira bertze bi bikoteak.

 

Lehen jardunaldia azaroaren 4an

Azaroaren 4an, larunbatean 16:30ean hasiko den jaialdian abiatuko dira bi txapelketak. Jaialdiko lehen partida bigarren mailako txapelketari dagokiona izanen da: Loitegi eta Eskudero, Irazu eta Apezetxearen kontra. Ondotik, txapelketa nagusiko bi partida ikusgarri izanen dira: Urriza eta Azpiroz, Aldabe eta Barrenetxea IV.aren kontra eta Ansa II.a eta Martirena, Segurola eta Juanenearen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun