Igande honetan abiatuko da Errekak bigarrenez antolatutako Bortz Kirol txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 12:00
Berriz ere Bortz kirol txapelketa ikusteko aukera izanen da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Erreka elkarteak bigarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketa azaroaren 5ean, igandean abiatuko da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Zortzi pilotari ariko dira lehian, bi taldetan banatuta.

Villabonako Iñaki Lizaso, Anoetako Aratz Luixa, Jon Apeztegia doneztebarra eta David Albiasu narbatearra ariko dira lehen multzoan. Txapelketako antolatzaileen arabera, Lizaso, Luixa eta Apeztegia izanen dira hurrengo fasera pasatzeko faboritoak.

Bigarren multzoan, berriz, Eiherelarreko Jerome Karrikaburu egungo txapelduna, Donibane Lohizuneko Peio Etxeleku eta David Mitxeo eta Imanol de Rueda Doneztebeko pilotariak ariko dira. Multzo horretan Karrikaburu jotzen dute faborito nagusitzat, eta lehia estua egonen da bertze hiruen artean finalerdietarako bigarren txartela lortzeko.

Multzo bakoitzetik bi pilotari pasako dira finalerdietara, eta finalerdietako garaileek jokatuko dute finala.

 

Lehenbiziko jardunaldia igande arratsaldean

Azaroaren 5ean, igandean 15:00etan: Apeztegia,  Lizasoren kontra. Segidan, Karrikaburu, Etxelekuren kontra eta akitzeko De Rueda, Mitxeoren kontra. Albiasu eta Luixaren arteko partida gibeleratu egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun