Mikel Mindegia omendu dute Euskal Herriko aizkolari txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 2a, 13:00
Iker Vicentek, Hodei Ezpeletak eta Oier KaƱamaresek osatu zuten Euskal Herriko aizkolari txapelketa nagusiko podiuma.

Pronostikoak bete eta Iker Vicente suertatu zen txapeldun azaroaren 1ean Iruñeko Nafarroa Arenan

Iker Vicentek irabazi du 2023ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa asteazken honetan, azaroaren 1ean, Nafarroa Arenako finalean nagusituta.  Vicentek 41 minutu eta 11 segundo behar izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enborrak mozteko. Otsagabiko 26 urteko aizkolariak 4 minutu eta 47 segundo atera zizkion bigarren izan zen Hodei Ezpeletari (45:58). Oier Kañamares izan zen hirugarren; 50 minutu eta 33 segundo behar izan ditu lanak bukatzeko.

Julen Gabirondo izan da laugarren (55:25). Bosgarren postuan akitu du Zigako Joxean Etxeberriak (57:18), eta seigarren, Xuban Kañamaresek (68:57). Xuban Kañamaresek azken unean hartu du parte finalean, Jokin Urretabizkaiak, lunbalgiak jota, kale egin ondotik.

Finalaren aitzinetik, hiru emakumek aizkora erakustaldia eskaini zuten. Nerea Arruti urnietarra nagusitu zitzaien Oihana Fernandez de Barrena arabarrari eta Nerea Sorondo beratarrari. 45 ontzako hiru enbor moztu behar zituzten eta Arrutik 7 minutu eta 46 segundo behar izan zituen lana burutzeko. Fernandez de Barrena izan zen bigarren (9.50) eta Sorondo hirugarren (10.17).

 

Mikel Mindegiari omenaldia

Aizkora saioak hasi baino lehen, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak omenaldia eskaini zion hamar aldiz Euskal Herriko txapeldun izan zen eta Nafarroako hainbat txapel eta apustu irabazitako Mikel Mindegiari. Hunkiturik agertu zen Mindegia. Bere ibilbideari buruzko bideoa ikusi ondotik, Aurreskua dantzatu zioten eta Txapeldun handia idatzirik zuen bertze txapel bat eta bonsai bat eman zioten.

Mindegia hunkiturik, azaroaren 1ean Iruñean egin zioten omenaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun