Hildakoak oroitzen mundu guztian zehar

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 31a, 10:00

Irudia: Freepik.com

Azaroaren lehena egun berezia da aunitzentzat, gure artean ez daudenak omentzeko garaia baita. Hilerriak garbitzea, txukuntzea eta loreekin kolorez betetzea dugu ohitura, baita familiarekin elkartu eta otordu eder bat egitekoa eta postre tradizionalak jatekoa ere. Gainera, azken urteetan Gau Beltza berreskuratzen ari dira hainbat herritan, euskal ohitura zaharra. Baina leku guztietan ez dute berdin ospatzen eguna. Nolakoa da Santu Guztien Eguna munduko bertze herrialdeetan?

Mexikokoa da ziurrenik egun honetako ospakizunik ezagunena. Día de los Muertos edo Hildakoen Eguna azaroaren 1ean eta 2an izaten da, eta bertako ohitura indigenak eta tradizio katolikoak elkartuz sortu zen. Egun hauetan hildakoek Mictlána gurutzatu eta bizidunekin elkartzeko baimena dute, beraz, osakizun alaia eta koloretsua izaten da. Eskualde bakoitzak bere usadio propioak ditu, baina denetan nabarmentzen dira hildakoei egindako eskaintzak eta aldareak. Loreak, kandelak eta jatekoak izaten dira nagusi aldare hauetan. Mexikotik kanpo, Latinoamerikako bertze hainbat herrialdetan ere ospatzen dute egun hau: Bolivian, Ekuadorren, Argentinan…

Irlandan Samhain besta galtzen ari den tradizioa da. Europa osoan egin ohi zen zelten ospakizuna zen; uztaren garaiari akabaila ematen zion, negurako prestatzeko. Urte berriaren hasiera markatzen zuen, eta egun horietan hildakoen izpirituak bizidunen mundura bueltatzen zirela sinesten zuten. Kristautasunaren hedapenarekin, All Hallow's Eve (Santu Guztien bezpera) besta Samhain ordezkatzen hasi zen, gaur egun denok ezagutzen dugun Halloween ospakizunean bihurtu arte. Hala ere, besta zahar honek bizirik dirau Irlandako hainbat herritan, baita Eskozian eta Galizian ere. Festibalak egiten dituzte eta su handiak pizten dituzte, izpiritu txarrak uxatzeko helburuarekin.

Kanbodian, aldiz, Pchum Ben edo Arbasoen Eguna egiten dute urrian, 15 eguneko ospakizun budista. Infernuko ateak zabalduta, hildakoen mamuak kanpora ateratzen dira egun hauetan. Monjek sutrak abesten dituzte gau osoan eta herritarrek janariak uzten dizkiete familia eta arbasoei, purgazioarekin laguntzeko. Zenbait tenplutan janaria monjeei ematen diete zuzenean, haien bitartez hildakoengana ailegatzeko.

Azkenik, Madagaskarren hildakoak omentzeko Famadihana (Hezurren Itzulera) jaialdia egin ohi du bertako malgaxe herriak, herrialdeko etnia nagusiak. Gainerako tradizioak ez bezala, ez du data zehatzik eta familia bakoitzak berea egiten du. Heriotzatik lau-zazpi urteetara, gorpua kriptatik ateratzen dute eta hainbat egunetako besta haundia egiten dute familia eta bizilagunekin. Ez dute hilkutxarik erabiltzen, beraz, oihalekin estaltzen dituzte hezurrak eta hauekin dantzatzen dute, jendetzaren artean airean eramanez.

Amerikan, Europan, Asian nahiz Afrikan, gure artean ez daudenak omentzeko mila tradizio eta erritual daude. Hala ere, denok dugu helburu bera: hildakoak geure oroitzapenetan bizirik mantentzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun