Beti Gazteko taldeak nagusitu dira Nafarroako sokatira txapelketako gizonezkoen eta emakumezkoen lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 30a, 13:00

Beti Gazteko emakumeak Elizondoko pilotalekuan tiran igande goizean. Tiraldi guztiak irabazi zituzten, Beti Gazteko gizasemeek bezalaxe eta Amaiur bigarren izan zen.

Elizondon igande goizean jokatutako lehen jardunaldian lesakarrak nagusitu dira tiraldi guztietan, Amaiurko taldeak bigarren izan dira eta igande honetan Beran banatuko dira txapelak

Nafarroako sokatira txapelketa mistoa erabaki ondotik, igande goizean Elizondon jokatutako gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetako lehen jardunaldian ere Beti Gazteko taldeek tiraldi guztiak irabazi dituzte. Amaiur bigarren izan da, bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere.

Gizonezkoetan zortzinaka ari  dira, 620 kiloko kategorian, eta Beti Gazte nagusitu da Elizondoko tiraldi guztietan. Amaiurrek, Beti Gazteren kontra izan ezik, gainerako tiraldi guztiak irabazi ditu, bigarren izateko. Txantrea laugarren izan da eta Antsoain bosgarren. Emakumezkoetan sei talde ari dira seinaka, 385 kiloko kategorian. Elizondoko lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu da, Amaiur bigarren, Berriozar hirugarren, Txantrea laugarren, Araxes bosgarren eta Antsoain seigarren.

Azken jardunaldia Beran azaroaren 5ean

Azaroaren 5ean, igandean 11:30ean Berako Eztegara pilotalekuan hasiko den bigarren jardunaldian banatuko dituzte kategoria hauetako txapelak eta bukatuko da Nafarroako sokatira txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun