Irachek salatu duenez, gero eta arruntagoa da ikustea «betiko neurriko edukiontziak baina barnean gauza gutiagorekin»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 29a, 12:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak ohartarazi duenez, marka batzuek darabilten politika da betiko neurriko edukiontziak merkaturatzearena baina, edukiontzi horien barnean, produkturaren kopurua murriztearena. «Gisa horretara produktuen garestitzea ezkutatu nahi dute» salatu du kontsumitzaileen elkarteak.

«Gero eta gehiago ikusten denez, saltokietako produktu batzuetan kopurua murriztu dute, baina ez dute neurri berean murriztu prezioa. Hortaz, produktua garestitu egin da, eta ekoizleek produktuaren kopurua murriztuta disimulatzen saiatu dira». Halaxe salatu du Irachek.

Formatuaren itxura «berdina edo berdintsua» dela dio Irachek, «eta beraz, kontsumitzaile aunitz ez dira ohartu produktu gutiago erosten ari direla».

Gaineratu duenez, «kontsumitzailea aldaketaz ohartu ahal izateko, arretaz irakurri behar du etiketa, neurriari erreparatu behar dio eta aitzinekoarekin alderatu. Pentsatzekoa den bezala, kontsumitzaile aunitzek ez dute hori egiten» eta, «ohartu gabe, gehiago ordaintzen ari gara produktu berdinagatik».

Egoera hori «gisa guztietako elikagaietan eta egunerokoan kontsumitzen diren produktuetan» gertatzen ari dela adierazi du: «jogurtak, pasta, urdaitegiko produktuak, garbikariak...». Eta gehiago ere erran du Irachek: «diru kopuru berdina ordaintzen ari gara eta, trukean, lehen baino % 5, % 10, % 12 edo % 15 produktu gutiago ematen digute».

Hori egitea «ez da legez kanpokoa» Iracheren hitzetan, «baina kontsumitzailearentzat ohitura engainagarria da: Apaletan produktu berdina ikusten du, itxuraz berdintsua eta prezio berdinean. Baina gehiago ordaintzen ari da».

Horregatik «elikagaien inflazioa neurtzerakoan edo kontrolatzerakoan, kopuruak ez direla aldatu egiaztatzeko» eskatu du Irachek, «edo aldatzen badira zein neurritan aldatu diren kontrolatu behar da, herritarrek elikagai bakoitzeko ordaintzen duten kostu erreala kalkulatzeko».

Kontsumitzaileei dagokienez, «produktuen etiketak irakurtzeko» aholkatu du kontsumitzaileen elkarteak, «formatua itxuraz berdintsua izan arren, kopurua murriztu duten ala ez egiaztatzeko». Eta aldi berean, «bertze marka batzuekin alderatzeko» gomendioa ere egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun