Aurten ere musikoterapia tailerra genero indarkeria jasan duten edo jasaten duten emakumeentzat

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 29a, 11:00

Genero indarkeriaren prebentzio eta erreparaziorako politikak sustatzeko asmoz, Baztango Udalak, Malerrekako Mankomunitateak eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak musikoterapia tailerraren bertze edizio bat antolatu dute genero indarkeria jasan duten edo jasaten duten emakumeentzat.

Antolatzaileen arabera, «esperientzia aunitzek erakutsi dute musikoterapiak genero indarkeria jasan duten emakumeentzat hainbat ekar ditzakeen onura positiboak: antsietatean, estresean, norberaren ahalduntzean, autoestimuan eta depresioaren gutxitzean, erreparazioan...». Hala, tailer honen bitartez, «emakumeentzat sostenguzko espazio ziur eta sortzailea» eskaini nahi dute, eta horrekin batera, «parte hartzaileek emozioak modu eraginkorragoan kudeatzea, isolamendu sozial eta emozionala guttitzea eta autoezagutza sustatzea» nahi dute, «autonomia handitzeko eta erreparazioa lortzeko bidean».

Ez da ekimen berritzailea, lehen ere antolatu izan baitute, eta diotenez, «orain arte parte hartu duten emakumeen balorazioak hagitz positiboak izan dira». Azken edizioko parte hartzaile baten hitzak ere ekarri dituzte gogora: «Bertze emakume bati animatzeko erranen nioke, hagitz lagungarria delako. Une askea da, babestua sentitzen zarena. Bizipenak, kezkak eta sentimenduak konpartitzeko, bertzeena entzuteko, epaiketarik gabe, musikaren bidez sentimendu ugari adierazteko».

Izen ematea 

Tailer honetan Baztango, Bertizaranako, Bortzirietako, Malerrekako eta Xaretako emakumeek har dezakete parte, genero indarkeria jasan dutenak edo jasaten ari direnak. Guztira hamar saio izanen ditu tailerrak. Azaro bukaeran hasi eta otsailera bitarte, astero bi orduko saioa eginen dute. Dohainik da eta antolatzaileek argitu dutenez, «guztiz anonimoa»: «parte hartzen duten emakumeek eta musikoterapeutak bakarrik ezagutuko dute elkar». 

Parte hartzeko, Haizea Loira musikoterapeutarekin harremanetan jarri behar da (655 74 76 95). Azaroaren 6a izanen da horretarako azken eguna. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun