Zer gertatuko da Areson eta Urrozen?

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 14:51

Aulki Zuriak alderdiak boto-emaileen % 5 aren babesa lortzen badu, udala blokea dezake.

Aulki Zuriak alderdiaren hauteskunde programak puntu bakarra du: lor litekeen edozein eserleku hutsik uztea. Urrozen eta Areson aurkeztu den zerrenda bakarra da hau eta boto-emaileen % 5aren babesa (Urrozen 7 boto eta Areson 10 boto)  lortzea aski izanen lukete udala bereganatzeko. Alderdiaren estatutuetan argi diote aulkiak hutsik uztea dela beraien helburua: «hautagaiek kargua hartu bai, baina ez lukete zinegotzi izaera osoa bereganatuko, ez lirateke udal batzarretara aurkeztuko». Horrek, Herriko Etxearen eguneroko jarduera guztia blokeatuko luke.

Aulki Zuriak alderdia ez balitz gutxieneko boto kopuru horretara iritsiko, hauteskundeek ez lukete baliorik izanen. Orduan, batzorde kudeatzaile bat sortzeko ardura herritarren eskuetan geldituko litzateke. Tokiko administrazioak argitu du, ez lukeela kanpoko inork erabakiko batzorde kudeatzaile hori nork osatuko lukeen. Herritarrei emanen liekete taldea osatzeko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun