Lurretik Ikasiz proiektua aurkeztu dute Baztan-Bidasoko ekoizleek

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 16:00

Baztango, Bortzirietako eta Xaretako zazpi ekoizle elkarlanean hasi dira euren etxaldeetako lan egiteko moduak ikastetxeetako ikasleei erakusteko asmoz

Elikadura, ekoizpena eta hezkuntza uztartzeko asmoz, Lurretik Ikasiz proiektua aurkeztu dute gaur goizean Elizondoko Lanbide Eskolan. Baztango, Bortzirietako eta Xaretako zazpi ekoizle bildu dira eta «gure etxaldeetako lan egiteko moduak ikastetxeetako haurrei eta gazteei erakutsi» nahi dizkiete.

Lesakako Agorleku gaztandegia, Elizondoko Autxitxia gasnategia, Arizkungo Baztango Xurie (ardogintza), Berako Erlanki (erlezaintza), Anizko Jauregia Esnekiak, Etxalarko Maira okindegia eta Zugarramurdko Martinea baratzea dira parte hartzaileak.

Azarotik ekainera paratuko dute martxan proiektua, eta hasteko, eskualdeko ikastetxeetara jo dute, bi ekintza prestatuz. Batetik, bisita bakoitzaren xehetasunak bilduz katalogoa prestatu dute. Bi bat orduko bisitak izanen dira, eta batzuetan baita tailerra ere. Bertzetik, ikasgeletan lantzeko ikasmateriala prestatu dute; «50 bat minutuko sei saiotan lantzeko unitate didaktikoak».

Zazpi ekoizleak eredu ekologikoan edota iraunkorrean ari dira, «eskala ttikiko proiektuak gara, salmenta zuzena eginez, lurra zainduz, inguruko baliabideak errespetuz erabiliz eta herriko komunitateen parte izanez lan egiten dugu». Hain zuzen, «elikadura osasuntsuak eta ekoizpen eredu horiek duten garrantzia eta balioa mahaigaineratu nahi dugu». Ikasleek bisitekin «bizipen polita izatea» nahi dute; «naturara, animalietara, landareetara eta jaten ditugun elikagaietara modu kontzienteagoan hurbilduz».

Ekimena aitzinera atera dute Xomorro Agroekologia eta Hezkuntza, Arrea Agroekologia, Baztango Zaporeak,  Bortziriak-Malerreka-Bertizarana Elikadura (Cederna Garalur), Baztango Udala eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.

Ekoizleen produktuak eta negozioak ezagutzera emateko, katalogoa prestatu du elkarteak. Ikusteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun