Beti Gaztek irabazi du Nafarroako sokatira txapelketa mistoa

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 16:00

Beti Gazte txapeldun, Berriozar bigarren eta Amaiur A hirugarren, Nafarroako txapelketa mistoko podiumean.

Nafarroako sokatira txapelketa mistoko bigarren eta hondarreko jardunaldia jokatu dute urriaren 21ean Antsoainen, txapela jokoan. Zortzinaka 560 kiloko kategorian aritu dira pisu honetan eta astebete lehenago Leitzan jokatutako lehen jardunaldian bezala. Lesakako Beti Gazteko zortzikoa nagusitu da tiraldi guztietan eta gisa horretara, txapela lortu du. Berriozar bigarren izan da eta Amaiur A hirugarren.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Ander Mitxelena, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Maddalen Lopez, Iñigo Alzugarai eta Maria Iantzi aritu ziren tiran finalean, Joxe Angel Mitxelena laguntzaile zutela.

Beti Gazteko zortzikotea txapeldun.

Beti Gazteren ondotik, Berriozar eta Amaiur A igo ziren podiumera. Aipatzekoa da Amaiurrek bi zortzikote paratu dituela goma gainean txapelketa mistoan eta hirugarren eta bosgarren postua lortu dute. Txantrea laugarren izan da eta Antsoain seigarren.

Beti Gazteko sokatira talde mistoa tiran Antsoainen.

 

Orain, gizonezkoak zortzinaka eta emakumeak seinaka, Elizondon eta Beran

Txapelketa mistoa erabaki ondotik, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetako lehen jardunaldia urriaren 29an jokatuko dute Elizondon eta azaroaren 5ean banatuko dituzte kategoria hauetako txapelak, Beran. Gizonezkoetan zortzinaka ariko dira 620 kiloko kategorian eta eskualdeko bi taldeekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan sei talde ariko dira seinaka, 385 kiloko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun