Eneko Lazkozek irabazi du Leitzako saioa eta Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 22a, 08:00

Eneko Lazkoz, azken final-laurdeneko irabazlea, saioaren momentu batean

Atzokoarekin itxita gelditu da final-laurdenen fasea eta, ondorioz, osatu da finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Leitzako Herri Aretoan saioa zuzenean jarraitzeko 200 entzule inguru bildu ziren. 

Leitzan jokatu zen atzo 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdena. Ander Aranburuk aurkeztuta, sei bertsolari aritu ziren kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Saats Karasatorre Martinez, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Eneko Lazkoz Martinez, Bittori Elizalde Soto eta Fernando Ziganda Urdanpilleta. 200 entzule inguru elkartu ziren Leitzako Herri Aretoan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioa zuzenean entzuteko.

Josu Sanjurjo Alzuri, saioaren momentu batean.

Saioko ariketa puntuagarriak behin eginda, Eneko Lazkozek eskuratu zuen epaileen puntu gehien (354,5), eta hortaz, saioa irabazi eta Lesakako finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo (325,5), Saats Karasatorre (323,5), Endika Legarra (291,5), Bittori Elizalde (286) eta Fernando Ziganda (278).  Zehazki, horrela gelditu da saioaren puntuazioa:

  1. Eneko Lazkoz Martinez: 354,5
  2. Josu Sanjurjo Alzuri: 325,5
  3. Saats Karasatorre Martinez 323,5
  4. Endika Legarra Nuin 291,5
  5. Bittori Elizalde Soto: 286
  6. Fernando Ziganda Urdanpilleta: 278
 
Finalaurrekoak osatuta

Atzoko saioak bazuen beste interes bat ere, faseko azkena izaki, atzo argitu baitzen finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Lau final-laurdenetako irabazleei puntuazioaren araberako hurrengoa 14 bertsolariak gehitu zaizkie. Zehazki, hauek dira finalaurrekoetara sailkatutako bertsolariak:

  • Sarai Robles Vitas
  • Julio Soto Ezkurdia
  • Joanes Illarregi Marzol
  • Eneko Lazkoz Martinez
  • Xabat Illarregi Marzol
  • Ekhiñe Zapiain Arlegi
  • Saioa Alkaiza Guallar
  • Idoia Granizo Ulibarrena
  • Josu Sanjurjo Alzuri
  • Eki Mateorena Zozaia
  • Ekain Alegre Gil
  • Saats Karasatorre Martinez
  • Eneko Fernandez Maritxalar
  • Julen Zelaieta Iriarte
  • Mikel Lasarte Cia
  • Beñat Astiz Isasi
  • Urko Gartzia Aleman
  • Patxi Castillo Graciarena

Gauzak horrela, osatu dira finalaurrekoetako hiru saioak, seina bertsolarirekin. Azaroaren 4an Altsasun, azaroaren 11n Agoitzen eta azaroaren 19an Lesakan jokatuko dira hiru saio horiek. Horietatik denetik, zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 2ko Iruñeko finalera. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun