Bazkideen Eguna ospatu dute Arkupeak elkarteko kideek

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 19:00

Elkarteko omenduak atzo meza ondotik. Argazkia: Foto Zaldua.

Arkupeak elkarteko bazkideek egun handia izan zuten. 367 bazkide elkartu ziren Gorraizen, eta meza, omenaldia, otordua eta dantzaldia izan zituzten.

12:00etan elkartu ziren Gorraizko elizan, Juan Zabalak emandako meza aditzeko. Azken urtean hildako bazkideak oroitu zituzten. Ramon Apezetzea aritu zen organoa jotzen, eta Pakita Mikelarenak bertso batzuk kantatu zituen.

Ondotik Iñaki Goienetxe elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza. Ekainean onartutako Zuzendaritza Batzordea aurkeztu zuen, eta eskerrak eman zizkien orain arte lan horretan aritutako kideei. Taldekide berrien prestutasuna nabarmendu zuen, eta iaz zendu zen Pablo Irastortzaz ere oroitu zen.

3.027 bazkide ditu Arkupeak elkarteak

Elkartearen inguruko datuak ere eman zituen. 3.027 bazkide daudela kontatu zuen, eta iazko bazkideen egunetik aurtengora elkartean 238 izen emate berri eta 119 baja izan direla azaldu zuen. Era berean, denborarekin elkarteko bazkideen nahiak aldatu daitezkeela azaldu zuen, eta hemendik aitzinera gaur egungo jarduerak alde batera utzi gabe, bertzelako batzuk antolatzeko beharra egon daitekeela gehitu zuen.

Bukatzeko, aurten omendutako bazkideei opariak eman zizkieten. 100 urte bete dituzten hiru bazkide omendu dituzte, diamantezko ezteiak bete dituzten bikote bat, urrezko ezteiak betei dituzten 19 bikote eta 85 urte betetako 20 bazkide.

Omenaldien ondotik bazkaria izan zuten eta Joxen Angelek girotu zuen bazkalondoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun