Azaroaren 9ra arte eskatzen ahal dira Errigorako saskiak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 10:00

Errigorako kideak udazkeneko kanpainaren aurkezpenean saskiak eskuan dituztela.

10. urtez, udazkenarekin batera antolatu du Errigorak 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina. Urteurren berezia izaki, aurten saski bakarra egonen da aukeran, duela 10 urte proiektua hasi zutenean egin zuten bezala. Azaroaren 9an bukatuko da eskaerak egiteko epea.

Saski berezia izanen da, antolatzaileen hitzetan «originala, biribila eta biderkatzailea». 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional elkarrekin izanen dira saskian.

Saskiak 50 euroko prezioa izanen du, eta diru horren %25a bideratuko dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarako. Hain zuzen, Tuterako Argia, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastoletara, Ager eremuko AEKara, D ereduko lerroetara eta Agerraldiaren ekimenak finantzatzera bideratuko dute dirua.

Urriaren 20an hasi zen eskaerak egiteko aukera, eta azaroaren 9ra bitartean egiten ahalko da. Horretarako bi modu daude: Herriz herri  ezarritako guneetan eskatzea, edota online egitea lotura honetan. Eskaera egitean zehaztu beharko da zein gunetan hartu nahi duzun saskia. Euskal Herri luze zabalean 200 gune egokitu dituzte horretarako, eta tartean eskualdean ere badira batzuk.

Errigoraren mezua

2013an jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldu Elkartasun Etxean agertu ginen urriko egun batean, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafar hegoaldeko uzte euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko. Oraindik ez eginen ezer; Errigora asmo sorta baino ez zen. Hilabete beranduago, aldiz, egitasmoak egitate bihurtuta zeuden. «Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko» eta «eskualdeko euskalgintzari ekarpena egiteko» xedean zuen egitasmo hura jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen ordurako. Ez da magia kontua. Ibilbide luzeko herrigintzako beteranook eta gazteagook lantalde txiki bat osatu hasieran eta, harremana harremanari lotuz, sare zahar-berritua irudikatu genuen. Eta saskia eskatu genuen 8.000tik gora lagunek egin genuen ordura arte eginkizun zena. Gurpila jiraka hasi zen.

Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdek produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu —1.800.000 euro!— saskiek emandako mozkinekin. Eta, kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu garen boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.

Ordutik, Errigorakide guztiok gauzatu eta itxuratu dugu Errigora eta urteez, saskiez, zakuez eta argazkiez gain, gutariko bakoitzaren gogoa bete da ilusioz eta paparra harrotasunez. Izan ere, dela produktuak ekoiztuz, dela auzolanean arituz edo eskaerak jasoz zein Ager zonaldean euskararen alde lan eginez, herrigintzan giltzarri bihurtu den proiektu baten parte garen neurrian, proiektua bera ere gure parte sentitzen dugu.

Udazkenetako Euskarari puzka kanpaina da sentsibilitate eta komunitateko kide guztiak bereziki batzen gaituena, ekoizleengandik hasi eta euskalgintzako bidelagunenganaino. Hasieratik bertatik izan dugu hizpide, gisa honetako kanpainak agorpen data dutela eta ez dela erraza elkartasun ekimenei denboran eustea. Hara bada nola birsortzen den udazkenero Ager eremuko euskalgintzari ekarpena egiteko gogoa eta ariketa honen parte izateko nahia! Udazken ezin aproposagoa dugu hau inoiz saskia eskatu dugun guztiok eta lehenengoz eskatuko dutenak biltzeko.

Honengatik guztiagatik, gure jaiotzatik 10 urte bete-bete bete direnean, urteurrena ospatzeko Errigoraren komunitatearen argazki erraldoia atera nahi dugu kanpaina honetan. Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Eta, asmo hori betetzeko, propio moldatu dugu aurtengo saski-eskaintza. Hastapenetakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dugu 2023 honetan ere. Gure komunitate
osoak kanpainarekin bat egiteko saskia, hain zuzen: Originala, biribila eta biderkatzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun