Nafarroako sokatira txapelketa mistoko irabazlea erabakiko da larunbatean Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 18:00

Beti Gazteko zortzikotea nagusitu zen joan den larunbatean Leitzan, Nafarroako txapelketa mistoko lehen jardunaldian. Larunbat honetan erabakiko da txapelduna Antsoainen.

Nafarroako sokatira txapelketa mistoko bigarren eta hondarreko jardunaldia urriaren 21ean jokatuko da Antsoainen, larunbatean 17:00etan hasita eta bertan emanen da txapela. Zortzinaka 560 kiloko kategorian ari dira pisu honetan eta joan den larunbatean Leitzan jokatutako lehen jardunaldian Lesakako Beti Gazteko zortzikotea izan zen nagusi.

Lesakarrekin eta Amaiurko bi talderekin batera, Berriozar eta Txantrea ari dira txapelketa mistoan.

Txapelketa mistoa erabaki ondotik, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetako lehen jardunaldia urriaren 29an jokatuko dute Elizondon eta azaroaren 5ean banatuko dituzte kategoria hauetako txapelak, Beran. Gizonezkoetan zortzinaka ariko dira 620 kiloko kategorian eta eskualdeko bi taldeekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan sei talde ariko dira seinaka, 385 kiloko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun