Kautxoaren kontrako Europako araudira egokitu beharko dute eskualdeko belar artifizialeko futbol zelaiek ere

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 19:00
Lesakako Mastegi futbol zelaian ere kautxoa kendu beharko dute araudira egokitzeko.

Belar artifizialeko zelaietan ohikoa den kautxoa kentzeko Europako araudira egokitu beharko dute eskualdeko zelaiek ere. Proposamena oraindik ez da ofiziala, baina itxura batean, zortzi urteko epea izanen lukete zelai horietako osagaietako bat den kautxoa kentzeko, hemendik zortzi urtera debekatuko baitute bere erabilera.

Belar artifizialeko zelaiek ingurumenean eta gizakiaren osasunean sortzen dituen kalteei aurre egin nahi die Europako Batzordeak neurri honekin. Nonbait, kautxoa ez da biodegradablea eta mikroplastikoetan desegiten da, lurrak eta ur azpiko urak kutsatuz.  

Nafarroa osoan belar artifizialeko 50 futbol zelai baino gehiago daude, horietako lau eskualdean. Elizondoko Giltxaurdin eta Lesakako Mastegin kautxoa erabilia dute eta hori aldatu beharko luke epe horretan. Doneztebeko Iñaki Indart zelaian ere kautxoa dute, «baina agudo aldatzekotan gaudenez, beharbada horregatik ez gara sartu zerrenda horretan», aipatu digu Gari Urroz Doneztebe Futbol Taldeko presidenteak. Berako Matzadan, berriki egindako azken egokitzapenetan kortxoa eta kokoa erabili zuten, «garestiagoa zen, baina Europako araudi honetaz ohartarazi ziguten eta hala egitea erabaki genuen», aipatu digu Angel Pombar, Gure Txokoa elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak.

Leitzako Arkiskil da eskualdean belar naturala mantentzen duen zelai bakarra, baina Aurrera kirol elkartea eta Leitzako udala mugitzen ari da azken aldian belar artifizialekoa egiteko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun