Gazteen hezkuntza afektibo-sexualei buruzko beharrak ezagutzeko ikerketa abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 14:30

Gazteek dituzten hezkuntza afektibo-sexualaren inguruko beharrak ezagutzeko ikerketa bat abiatu du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Baztango eta Bortzirietako berdintasun zerbitzuek ikerketa horretan parte hartzeko deia egin diete Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako gazteei.

Azken hilabeteetan gazteen pornografia kontsumoa eta sexu erasoak areagotu izanak kezka sortu duela oroitarazi dute Baztango eta Bortzirietako berdintasun zerbitzuek, eta horren harira, «alarma soziala piztu duten ikerketa ugari» argitaratu dituztela adierazi dute: «Ikerketa horietan agerian gelditu dira fenomeno sozial konplexu batzuk: sexismoa, indarkeria, gabezia afektiboak...». Hain zuen, horri erantzunez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gazteen hezkuntza afektibo sexualerako beharrak ezagutu nahi ditu eta esparru horretan lan egiteko politika publikoak finkatu.

Horretarako, 16 eta 29 urte bitarteko gazteekin eztabaida taldeak antolatzeari ekin dio Nafarroan, eta Baztango eta Bortzirietako berdintasun zerbitzuak, «ikerketa horretan laguntzeko asmoz, eztabaida taldeetan parte hartzeko prest dauden gazteen bila» hasi dira. Parte hartu nahi duten edo informazio gehiago nahi duten gazteek berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera idatz dezakete.

Dirulaguntzak

Nafarroako Gobernuak 385.000 euroko laguntzak eman dizkie tokiko entitateei eta taldeei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun proiektuak sustatzeko, eta eskualdeko entitateek ere dirulaguntzak hartuko dituzte:

  • Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak 12.150,62 euroko dirulaguntza hartuko du.
  • Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak 14.949,69 euroko dirulaguntza hartuko du.
  • Leitzaldeko eta Ultzamako Berdintasun Zerbitzuak 15.000 euroko dirulaguntza hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun