Ane Elzaurdia beratarrak irabazi du Basajaun Trail lasterketa

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 13:00
Ane Elzaurdia 23 kilometroko lasterketako txapeldun, podiuma osatu zuten Laiane Arrospide eta Olatz Azazetarekin.

Urriaren 14an Galdeanon egindako 23 kilometroko lasterketako beteranoen mailan ere garaile suertatu da Joseba Lasarte beratarra

Galdeanon abiatu eta Lokiz mendilerroan barna urriaren 14an egindako Basajaun Trail Race mendi lasterketan garaile suertatu da Ane Elzaurdia Mentaberri beratarra, 23 kilometroko ibilbidean.

Tolosako Alpino Uzturre taldearekin konpetitzen  hasi berri den Ane Elzaurdiak 2 ordu, 25 minutu eta 43 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Laiane Arrospide bigarren izan zen (2.26.22) eta Olatz Azazeta hirugarren (2.30.07).

Ane Elzaurdia, Basajaun Trail Race lasterketako jautsiera batean.

Gizonezkoen artean Ander Amonarriz izan zen bizkorrena (1.54.49), eta beterano mailan garaile izan zen Gure Txokoako Joseba Lasarte beratarra. Hamalaugarren izan zen sailkapen orokorrean Lasarte (2.12.48). 180 korrikalari atera ziren 23 kilometroko lasterketan.

Joseba Lasarte beratarrak irabazi zuen 23 kilometroko lasterketa beteranoen mailan.

43 kilometroko lasterketan, berriz, 91 korrikalari atera ziren eta Iñaki Olano (3.59.41) eta Ainhoa Egiguren (5.49.53) suertatu dira garaile. Arantzako Julen Oskozek ere parte hartu du.

13 kilometroko lasterketan, azkenik, 169 korrikalari atera dira eta Ioar Tabar (1.03.09) eta Ainhoa Arruti (1.21.58) suertatu dira garaile. Beti Gazteko Mikel Arriola lesakarra hamaikagarren izan da (1.11.12). Berako Idoia Martinez, Leitzako Aurrerako Asier Barriola, Juan Mari Barriola eta Xabier Portu korrikalariek ere parte hartu dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun