Arkupeak Elkarteko bazkideen eguna ospatuko dute ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 08:00

Iaz omendu zituzten bazkideak. Argazkia: Foto Zaldua.

Arkupeak elkarteko bazkideek ospakizun berezia izanen dute ortzegunean Gorraizen, bertan ospatuko baitute bazkideen eguna. Egun guzirako ekitaldiak antolatu dituzte.

11:00etan ailegatuko dira herriz herri abiatutako autobusak eta 12:00etan meza izanen dute hildako bazkideen oroimenez. Ondotik, omenaldia eginen diete urrezko eta diamantezko ezteiak eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei.

Omenaldien ordua bukatuta, 14:00etan bazkaria izanen dute. Menu hau izanen dute: barazki krema, usakume basatia Ultzamako onddo eta almendrekin, bakailaoa tenperatura baxuan piper erreekin eta pil-pilarekin eta bildots errea Tuterako kukulu eta parmentierrarekin. Postretarako albertxiko gazta tarta izanen dute, Milagroko gerezi eta limoizko izozkiarekin.

Otorduaren ondotik, 17:00etan hasi eta 19:45ak arte dantzaldia izanen dute Joxe Angelekin, eta hori bukatutakoan aterako dira bueltarako autobusak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun