Hiru Hiriburuak txapelketan txapelak lortu dituzte Nahia Bertiz sunbildarrak eta Alize Sagardui goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 15:00
Nahia Bertiz sunbildarra eta Zelai Sarratea txapeldun izan ziren pilota mistoarekin gazteen mailan, finala Beltran eta Merinori irabazita.

Irati Arozena goizuetarra txapeldunorde izan da pilota goxoarekin nagusien mailan

Hiru Hiriburuak txapelketako bigarren edizioko finalak jokatu zituzten urriaren 15ean Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Eguerdian elite mailako finala jokatu zuten 3.000 ikusleren aitzinean.  Amaia Aldaik eta Arrate Bergarai 22-19 irabazi zieten Leire Garau eta Irati Zabalari. Hirugarren posturako lehian, Arraizabalaga eta Erasunek 18-16 irabazi zieten Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Mendizabali. Arratsaldean, berriz, bertze lau mailatako finalak jokatu zituzten. Horietako hirutan izan ziren eskualdeko pilotariak eta bitan txapelak ekarri zituzten.

Honela, pilota goxoarekin, gazte mailan, Uxue Gomez eta Alize Sagardui goizuetarra txapeldun suertatu ziren, Ezki Arizti eta Maddi Etxenagusiari 18-7 irabazita.

Alize Sagardui (eskuinean) eta Uxue Gomez txapeldun pilota gxoarekin gazte mailan, Arizti eta Etxenagusia txapeldunordeekin.

Pilota goxoarekin, nagusien kategorian bertze goizuetar bat aritu zen finalean, Irati Arozena, baina Jone Zumetarekin batera, galdu egin zuen Garazi Gil eta Nagore Aramendiaren kontra.

Pilota goxoarekin, nagusien mailako finalaren ondotik, Irati Arozena goizuetarra eta Zumeta txapeldunordeak, Gil eta Aramendia txapeldunekin.

Pilota mistoarekin, gazteen mailan, Nahia Bertiz sunbildarrak, Zelai Sarratea bikote lagun izanda, 18-8 irabazi zien Zaramagako Larraitz Beltrani eta Jone Merinori.

Pilota mistoarekin, promesa mailan, azkenik, Aiala Uriartek eta Marta Gomezek 22-9 iranazi zieten Olatz Insaustiri eta Irati Betegiri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun