Nafarroako sokatira txapelketa mistoan agintzen hasi da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 13:00
Beti Gazteren zortzikote mistoak tiraldi guztiak irabazi zituen larunbat arratsaldean Leitzan.

Larunbatean Leitzan jokatutako lehen jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek eta Amaiur hirugarren izan zen

Nafarroako sokatira txapelketako lehenbiziko jardunaldia jokatu zuten urriaren 14an, larunbat arratsaldean Leitzako Amazabal pilotalekuan. Txapelketa mistoko lehen jardunaldia izan zen, zortzinaka 560 kiloko kategorian, eta Lesakako Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Berriozar bigarren izan zen eta hirugarren posturako lehian berdindu egin zuten Amaiur Ak eta Txantreak, baina baztandarrek falta guttiago egin zituztenez, beraientzat izan zen hirugarren postua.

Bosgarren eta seigarren postuan ere berdindu egin zuten Amaiur B eta Antsoain taldeek, baina honetan ere baztandarrek falta guttiago zituztelako, beraientzat izan zen bosgarren postua.

Txapelketa mistoko bigarren eta hondarreko jardunaldia urriaren 21ean jokatuko da Antsoainen eta bertan emanen da txapela.

Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetako lehen jardunaldia urriaren 29an jokatuko dute Elizondon eta azaroaren 5ean banatuko dituzte kategoria hauetako txapelak, Beran. Gizonezkoetan zortzinaka ariko dira 620 kiloko kategorian eta eskualdeko bi taldeekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan sei talde ariko dira seinaka, 385 kiloko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun