Nerea Sorondo beratarra txapeldunorde izan da Euskal Herriko aizkolari txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 12:00

Nerea Arruti, Nerea Sorondo eta Oihana Fernandez de Barrena, Euskal Herriko emakumezkoen aizkolari txapelketako podiumean, Elgoibarren.

Gizonezkoen bigarren mailako kanporaketan Oihan Larretxea gailendu zen igandean Elgoibarren

Euskal Herriko emakumezkoen aizkolari txapelketaren finala jokatu zen urriaren 15ean, igande eguerdian Elgoibarko Kalegoen plazan. Pronostikoak bete eta Nerea Arruti suertatu zen txapeldun. Nerea Sorondo beratarra txapeldunorde izan zen eta Maika Ariztegi iturendarra bosgarren.

Emakume aizkolariek sei pago enbor moztu behar zituzten finalean: bi kanaerdiko, bi 45 ontzako eta bi 36 aontzako. Nerea Arrutik 17 minutu eta 59 segundo aski izan zituen lana burutzeko. Ia lau minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Nerea Sorondo beratarrari (21.54) eta zazpi minutu baino gehiagokoa hirugarren izan zen Oihana Fernandez de Barrena arabarrari (25.10). Laugarren postuan Ane Zapirain sailkatu zen (29.13), bosgarren Maika Ariztegi iturendarra (30.59) eta seigarren Malen Barrenetxea (35.26).

 

Oihan Larretxea bigarren mailako finalera

Elgoibarko jaialdi berean Euskal Herriko bigarren mailako gizonezkoen aizkolari txapelketako kanporaketa ere jokatu zuten. Zazpi aizkolari aritu ziren lehian, finalerako hiru txartelen bila eta Oihan Larretxea beratarra nagusitu zen. 18 minutu eta 17 segundo behar izan zituen 54 ontzako hiru enbor, 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako enbor bat mozteko. Larretxearekin batera Aritz Irazabal bizkaitarrak (18.57) eta Segoviako Jon Rodriguezek (20.52) lortu zuten finalerako txartela. Finaletik kanpo gelditu ziren Cesar Fernandez de Landa (21.15), Ibon Garaiburu (22.57), Iker Gorriti (25.25) eta Josu Santamaria (26.35).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun