Jon Rekondo eta Joxean Etxeberria Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 16a, 10:00
Ezker-eskuin, Txomin Amundarain (5.), Joxean Etxeberria (4.), Jon Rekondo (3.), Ibai Soroa (2.) eta Iker Vicente (1.), Doneztebeko finalean izanen diren aizkolariak, Lekunberriko kanporaketaren ondotik.

Iker Vicente nagusitu zen igandean Lekunberriko kanporaketan eta azaroaren 17an Donezteben lehiatuko den boskotean Arribeko Amundarain eta Soroa ere sartu dira

Nafarroako lehen mailako aizkolarien txapelketako kanporaketa jokatu dute igande eguerdian Lekunberriko plazan. Zortzi aizkolari aritu ziren lehian azkenean, Julen Olano leitzarrak eta Patxi Mindegia zubietarrak ezin izan baitzuten parte hartu. Jokoan, azaroaren 17an Donezteben jokatuko den finalerako bortz txartel. Pronostikoak bete eta Iker Vicentek irabazi zuen kanporaketa. Arribeko Ibai Soroa bigarren izan zen, Leitzako Jon Rekondo hirugarren, Zigako Joxean Etxeberria laugarren eta Arribeko Txomin Amundarain bosgarren.

Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko enborra mozteko 13 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Otsagabiko Iker Vicentek, gaur egungo txapeldunak. Minutu eta 18 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Ibai Soroari. Ia batera, 31 zentesimako aldearekin bukatu zituzten lanak Jon Rekondo leitzarrak (16.13) eta Joxean Etxeberriak (16.14). Azaroaren 17an Donezteben jokatuko den finalerako boskotea Arribeko Txomin Amundarainek osatu zuen (16.46). Finaletik kanpo gelditu zen Arostegiko Oier Kañamares (17.05) eta azken bi sailkatuak izan ziren Errazkingo Eneko Saralegi (17.35) eta Arostegiko Xuban Kañamares. Berez, azken biei maila galtzea dagokie, baina Lekunberrin parte hartzerik izan ez zuten Julen Olanoren eta Patxi Mindegiaren kontrako kanporaketa jokatzeko eskubidea dute.

Aipatu bezala, finala azaroaren 17an, 18:00etan jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Kanporaketaren lan bikoitza izanen dute orduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun