Arantzan, Areson eta Zubietan zazpi hautagai aukeratzea tokatzen zaie eta Eratsunen eta Urrozen bortz. 250 biztanle baino guttiago dituzten udalerrietan zerrenda irekiak izaten dira, hau da, botoak hautagai bakoitzarentzat izaten dira, ez gainerakoetan bezala taldeentzat. Eta zehazki, Urrozko eta Eratsungo kasuan, 101 eta 250 biztanle izanda, boto emaile bakoitzak gehienez ere bortz hautagairi eman diezaioke botoa. Hautagai bakoitzak dituen botoak zenbatzen dituzte eta boto gehien biltzen dituzten bortz ordezkariak hautatzen dituzte udal ordezkari. Boto kopuruan berdinketa izaten baldin bada, zozketa bidez erabakitzen dute.
Narbarteko kontzejuan, bertzalde, batzarreko lehendakaria eta lau bokal hautatu behar dituzte.
Zerrendak aurkezteko epea
Irailaren 25ean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak hauteskunde partzialen eguna zein den, eta geroztik, hainbat xehetasun argitaratu dituzte. Zerrendak aurkezteko epea, adibidez, urriaren 18an zabalduko dute eta urriaren 23ra arte izanen da aukera. Bi egun beranduago, hilaren 25ean, aurkeztutako hautagaitzak argitaratuko dituzte; 30ean hautagaiak aldarrikatuko dituzte eta 31n aldarrikatutako hautagaitzak argitaratuko dituzte.
Kasu honetan, ez da hauteskunde mahaien zozketarik eginen, baina mahaiko kideei urriaren 28tik maiatzaren 4ra bitarteko epean berriz egin beharko diete jakinarazpena.
Kargu hartzea abenduan
Hauteskunde kanpaina azaroaren 11n hasi eta azaroaren 24ra arte izanen da. Eta hauteskunde egunean, 08:00etatik 08:30era mahaiak osatu eta 09:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte hautetsontziak. Udalbatzak, berriz, abenduaren 16an osatuko dituzte.
Zerrenda bakarra baldin bada, zer?
Hauteskundeetan zerrenda bakarra aurkezten bada, horrek ez du erran nahi ziur alkatetza lortuko duenik. Legearen arabera, botoen % 5 baino guttiago lortzen duen alderdiak edo taldeak ezin du alkatetza lortu. Hala ere, herritarren taldeak aurkeztu izan direnetan aise gainditu izan dute guttieneko kopurua.
Eta zerrendarik aurkezten ez bada?
Bigarren deialdian ere zerrendarik aurkezten ez bada, Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzordea osatuko du. Legeak dio, bai udalerrien kasuan, bai kontzejuen kasuan, «toki erakundearen funtzionamendu normala ahalbidetzeko», Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzorde horretako kideak izendatu behar dituela.