Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako finalerdietako joaneko partidak jokatuko dituzte asteburu honetan. Urriaren 14an, larunbatean 18:00etan Arbizun, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen ordez ariko den Barricarten kontra ariko dira. Urriaren 15ean, igandean 17:00etan Zangozan, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabalaren ordez ariko den Barricart, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira.
Arbizuko larunbateko jaialdia hasteko lehen partidan, eskualdeko lau erremontista gazte ariko dira: Xuban Iturregi iruritarra eta Markel Leatxe donamaritarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.
Zangozako jaialdia hasteko jokatuko den lehen partidan, Oses eta David Mitxeo doneztebarra, Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamaritarraren kontra ariko dira.
Erremonte Fundazioak antolatu duen txapelketa honetako jaialdi guztietan bezala, sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira asteburuko bi jaialdietan ere. 16 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.