Xilaba Txapelketako saioak izanen dituzte asteburuan eskualdeko taldeek

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 17:00
Lizaieta taldeko bertsolariak duela bi aste Sarako Urtxolan egindako saioan kantari.

Aitzinera segitzen du Taldekako Xilaba Txapelketak eta asteburu honetan ariko dira eskualdeko partaideak dituzten Lizaieta eta Ipiñitzeko bertsuak taldeak.

Urriaren 13an, ortziralean, Hazparneko Xuriartean ariko dira Hazparke eta Lizaieta taldeak 19:30ean. Saioaren ondotik, jatekoa izanen dute.

Urriaren 15ean, igandean, aldiz, Baionako Rail Bayonaissen ariko dira 3 kasko eta Ipiñitzeko bertsuak taldeak 11:00etan.

Bi taldeetan ari dira eskualdeko bertsolariak. Lizaieta taldea Sarako Ellande Alfarok, Karlos eta Haira Aizpuruak eta Etxalarko Etxahun Azkarragak osatzen dute. Ipiñitzeko bertsuak taldean, aldiz, sortzez Hendaiarrak diren, baina, Lesakan bizi diren Maddi Ane Txoperena eta Josu Txoperena ari dira. Horiekin batera, Oihan Diazek, June Diazek, Kerman Diazek eta Aimar Karrikak osatzen dute taldea.

Lizaieta saioak Saran jokaturiko saioa irabazi zuen duela bi aste. Ipiñitzeko bertsuak taldeak, aldiz, pasa den astean izan zuen saioa Hendaiako gaztetxean eta Muttikoak taldearen kontra galdu zuen. Jende aunitz bildu zen saiora eta giro ederra izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun