Emakumezkoen Euskal Herriko aizkolari txapelketako finala igandean jokatuko dute Elgoibarren

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 14:00

Euskal Herriko emakume aizkolarien txapelketako finalean ariko diren sei aizkolarietatik hiru (tartean Nerea Sorondo beratarra) Elgoibarren egindako aurkezpenean, antolatzaileekin batera.

Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra lehian izanen dira

Euskadiko Herri Kirol Federakundeak eta Elgoibarko Udalak antolatuta, emakumezkoen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko dute urriaren 15ean, igandean 12:00etan hasita, Elgoibarren. Finalaren aurkezpena asteartean egin zuten Elgoibarren.

Elgoibarko Kalegoen plazan jokatuko da herri kirol jaialdia (Euria eginen balu, Olaizaga Kiroldegian), 12:00etan hasita, eta EITBk zuzenean emanen du finala.

Sei aizkolari arituko dira finalean, honakoak: Nerea Arruti Salgado, Nerea Sorondo Maritorena beratarra, Oihana Fernandez De Barrena, Maika Ariztegi Mariezkurrena iturendarra, Malen Barrenetxea eta Ane Zapirain Odriozola.
Egin beharreko lanari dagokionez, sei pago enbor ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak: bi kanaerdiko bi (54 ontzakoak), 45 ontzako bi enbor eta bertze bi 36 ontzakoak.

 

Gizonezkoen bigarren mailako finalerdia

Emakumeen finalaz gainera, Euskal Herriko bigarren mailako gizonezkoen aizkolari txapelketaren finalerdietako bat ere Elgoibarren jokatuko dute igande eguerdian. Sei aizkolari ariko dira lehian, tartean Oihan Larretxea beratarra, finalerako hiru txartelen bila. Larretxearekin batera Aritz Irazabal, Jon Rodriguez, Cesar Fernandez de Landa, Ibon Garaiburu, Iker Gorriti eta Iosu Santamaria lehiatuko dira eta aizkolari bakoitzak 54 ontzako hiru enbor, 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako bertze bat moztu beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun