Espainiko Kopan lehiatu da Gaxuxa Zelaieta Errekako judoka

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 17:00
Gaxuxa Zelaieta Noelia Ariztia entrenatzailearekin batera.

Pasa den asteburuan jokatu zuten Suancesen (Kantabria, Espainia) Espainiako Kopa eta bertan lehiatu zen Gaxuxa Zelaieta Errekako judoka 57 kilo arteko kategorian. 5. postua lortu du.

Noelia Ariztia Errekako Judoko entrenatzaileak kontatu duenez, «txapelketa hagitz gogorra izan da denentzat, bero handia izan dutelako eta parte hartzaileen maila hagitz ona izan delako». Zelaietak ederki hasi zuen lehia, lehen hiru borrokak irabazi baitzituen. Laugarrenean, ordea, txapelketa irabazi zuen Itsaso Madariagaren kontra galdu egin zuen.
 
Azken lehia hori galdu ondotik, berriz ere lehian aritzeko aukera lortu zuen, baina brontzezko domina lortzeko hiru lehiak irabazi beharra zituen. Lehen biak irabaztea lortu zuen, baina, azkena galdu egin zuen, eta 5. postuan gelditu zen.
Ariztiak nabarmendu du Zelaietak «ikaragarrizko lana egin duela, potentzial handiko kirolaria dela erakutsiz. 
 
Hurrengo lehiaketa urriaren 28an izanen du Mendilloriko kiroledegian Nafarroako Senior Txapelketan.
 
Zorionak egindako lanarengatik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun