Nafarroako lehen mailako aizkolarien txapelketako kanporaketa jokatuko dute igandean Lekunberrin

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 12a, 14:00
Joan den urtean bezala, Doneztebeko ferietan jokatuko dute Nafarroako lehen mailako aizkolarien txapelketako finala. Argazkian, Iker Vicente iaz, finaleko lanak akituta. Argazkia: Ondikol

Azaroaren 17an Donezteben jokatuko den finalerako bortz txartel izanen dituzte jokoan

Nafarroako lehen mailako aizkolarien txapelketako kanporaketa jokatuko dute urriaren 15ean, igandean 12:30ean Lekunberriko plazan. Bederatzi aizkolari ariko dira lehian, tartean Zigako Joxean Etxeberria, Leitzako Jon Rekondo eta Zubietako Patxi Mindegiak, azaroaren 17an Donezteben jokatuko den finalerako bortz txarteletako baten bila. Azken bi sailkatuek, berriz, maila galduko dute.

Eskualdeko aizkolariekin batera, Otsagabiko Iker Vicente gaur egungo txapelduna, Eneko Saralegi (Errazkin), Txomin Amundarain (Arribe), Ibai Soroa (Arribe), Oier Kañamares (Arostegi) eta Xuban Kañamares (Arostegi) ariko dira eta bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko dituzte. Julen Olanok ezin izanen du parte hartu eta medikuaren agiria aurkeztuko du. Aipatu bezala, lehen bortz sailkatuek finalerako txartela lortuko dute. Finala azaroaren 17an, 18:00etan jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Azken bi sailkatuek, berriz, maila galduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun