Zentral eolikoak eskualdean

Lurraldearen suntsipena saihesteko Hamaika proiektua abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 10:00

Pagausoaren eta garrapoaren ilustrazioak. Irudiak: Haizeak Bizirik.

«Begiak irekitzeko ordua da». Hala uste du Irantzu Piquerok eta «lurraldea defendatzeko hamaika arrazoi» daudela iritzita, Hamaika proiektua garatzen hasi da, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin: Matthias Krüger, Mikel Etxaniz, Jose Delicado, Consuelo Delgado... Bortzirietan eta Malerrekan egin nahi dituzten makroproiektu eolikoen «mehatxuak eragiten duen larritasunagatik eta minagatik» hartu dute proiektua esku artean, eta «paisaia honetan bizi den edertasun infinituaren inbentarioa» egin nahi dute: «hegaztiak, intsektuak, zuhaitzak, loreak, pertsonak, etxeak, haizea...». 

Azaldu dutenez, «dimentsio handiko turbina eolikoen izugarrikeria suntsitzailearen aitzinean ñimiñoena, ikusezina dena» bildu nahi dute. «Dena marraztera goaz. Hurbil izateko, ebats ez diezaguten. Horrela ulertuko dugu ezin dugula galdu».

Hamaika proiektuaren barrenean, bertzeak bertze, hegaztien irudiekin ilustrazio serie bat, Euskal Herriko herritarren testigantzen bilketa, Euskal Herri osoko hamaika irudigileren lanekin erakusketa ibiltaria, solasaldiak eta haurrentzako tailerra egin nahi dituzte.

Hegaztien ilustrazioak

Ibilbideari hasiera emateko, gouache margotzeko teknika erabiliz, eskualdean bizi diren  eta  eskualdetik pasatzen diren hegaztien ilustrazioak prestatu dituzte. Piquero editoreak eta irudigileak irudiak egin ditu, Delicado diseinatzailearen eskutik. Mikel Etxaniz ingurumen teknikariaren ezagutzari esker, hegaztien irudiekin hamaika kartel sortu dituzte: miru gorria, oilagorra, lertxuna, oki beltza, urubia, zikoina beltza, kaskabeltz ttikia, ugatza, pagausoa, sai arrea edo hemen arranoa deitua eta garrapoa ageri dira. 

Hamaika «zenbakia infinituaren baliokidea» delako eman diote proiektuari izen hori. «Edertasun amaigabe horren ugaritasunaren isla» izan nahi du eta bateko eta bertzeko ekimenak garatuz, makroproiektu eolikoen kontra egin nahi dute: «Lurraldearen suntsipena saihesteko tresna bat gehiago izan nahi du Hamaikak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun