Dastatu ehiza, dastatu Baztan-Bidasoa lelopean, aurten 31. aldiz, Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak antolatu ditu Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin. Urriaren 10ean egin zuten aurkezpena Iturengo Tresanea jatetxean. Hala, urriaren 16tik 30era Baztan-Bidasoaldeko zortzi jatetxetan ehizari lotutako menu eskaintza zabala dastatzeko aukera izanen da: usoa, basurde azpizuna, oreina, onddoak, udazkeneko fruituak eta barazkiak, etxeko postreak...
Lorea Luzuriaga (Donamariako Benta); Javier Villanueva (Pirineos Exdim); Juan Antonio Prieto (Productos Artesanos Errotazar); Carlos Lezeaga (Pirineos Exdim); Belen Urrutia (Elbeteko Posada); Ruben Garate (Olari jatetxea), Oskar Martinez ( Tresanea Ostatua) eta Koteto Ezkurra (Bodega Inurrieta) izan ziren asteartean Tresaneako aurkezpenean eta jardunaldien berri emateaz gain, ostalariek kezka agertu dute, azken aldian, sektorean jasaten dituzten errespetu faltak direla-eta (komentario matxistak, arrazistak, mespretxua eta hezikidetza falta, bertzeak bertze). Hortaz, euren lana balioan jarri nahi izan dute, eta errespetua eskatu dute euren lana ahalik eta era profesionalenean egin ahal izateko.
Zortzi jatetxe
Bortzirietan Arantzako Aterpeak (Arantza), Burlada jatetxeak (Arantza) eta Pabloenea jatetxeak (Arantza) parte hartuko dute; Malerrekan Donamariako Bentak (Donamaria) eta Tresanea jatetxeak (Ituren). Baztanen, berriz, Urgain jatetxea (Oronoz-Mugairi), Olari jatetxea (Irurita) eta Elbeteko Posada (Elbete) izanen dira.
Horrez gain, Ehizatu pintxoa ekimenari ere eutsi diote, eta hainbat jatetxek ehiza pintxoa dastatzeko aukera emanen dute, Iñurrieta ardotegiaren babesarekin (ehiza-pintxoa eta Inurrieta ardoa 4 euroren truke).
Aurtengo edizioan menuen eskuorriak era digitalean soilik argitaratu dira. Dagoeneko, jardunaldien inguruko informazio guztia Elkartearen webgunean zintzilikatuta dago.
Horrez gain, Baztan-Bidasoko Turismo Elkarteko sare sozialetan (Facebooken eta Instagramen) ere informazioa parekatuko da, eta e-mail marketing bidez, urriko Newsletter-ean jardunaldien berri eman da.
IX. argazki lehiaketa
Ehiza jardunaldi gastronomikoen ehiza eta udazkeneko produktuen argazki lehiaketa ere martxan paratu dute, bederatzigarren aldiz. Urriaren 16tik azaroaren 13ra eginen dute eta irabazlea azaroaren 15ean jakinaraziko dute. Lehiaketara aurkeztutako argazkiek jardunaldi gastronomiko hauetako jatetxeren batean dastatutako plateren edo pintxoen irudiak izan beharko dute. Argazkiak info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali behar dira. Saria bi lagunendako otordua izanen da jardunaldi hauetan parte hartzen duen jatetxeren batean.