Harakin izateko ikastaroa eginen dute Donezteben eta Dantxarinean langabetuentzat

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 10a, 17:00
Urte hasieran ere langabetuendako ikastaroa egin zuten Venta Peion

Rodoiak emanen ditu klaseak eta ikastaroa bukatzen dutenak kontratatzeko konpromisoa izanen dute

Nafarroako Gobernuak eta Venta Peiok langabetuei zuzendutako harakin izateko formakuntza ikastaroa antolatu dute. Ikastaroa doan izanen da.

Ikastaroa urriaren 18an hasi eta abenduaren 12an bukatuko da, eta 65 klase ordu teoriko eta 105 praktiko izanen ditu.

Klase teorikoak Donezteben eginen dituzte, urriaren 18an hasi eta azaroaren 16a arte, astelehenetik ortziralera 09:15etik 14:30era. Teorian, bezeroentzako arretaren oinarriak (10 ordu), elikagaien manipulazioa (5 ordu) eta frantseseko A1 maila landuko dituzte (50 ordu).

Praktikak, aldiz, azaroaren 7tik abenduaren 12ra eginen dituzte Dantxarineko Venta Peioren egoitzan. Alderdi praktikoari dagokionez, harategiaren funtzionamendua eta haragia zatitzen ikastea (35 ordu), haragi piezak prestatzea (30 ordu) haragi-prestakin freskoak egiten ikastea (30 ordu) eta harategian saltzeko eta kontserbatzeko produktuen prestaketa egitea (10 ordu) landuko dituzte.

Ikastaroan izena eman nahi dutenek, 690 98 12 19 zenbakira deitu edo comercialnavarra@rodoia.com helbidera idatzi dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun