Dani Saldias arraioztarrak bigarrenez irabazi du Nafarroako arpana txapelketa mistoa Irune Biurrunekin

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 10:00
Saldias eta Biurrun txapeldunak, Fagoaga eta Etxegarai txapeldunordeak eta Iraizoz eta Barberena hirugarrenak Leurtzako podiumean, Patxi Larretxea eta Jon Telletxearekin.

Berako Ainhoa Etxegarai eta Arantzako Alberto Fagoaga txapeldunorde izan dira igande eguerdian Leurtzan jokatutako finalean

Nafarroako arpana txapelketa mistoko finala jokatu zuten urriaren 8an, igande eguerdi beroan Urrozek eta Beintza-Labaienek partekatzen duten Leurtzako urtegietan. Joan den urtean bezala, Arraiozko Dani Saldias eta Irune Biurrun suertatu ziren txapeldun eta podiumean ere, iazko bikote berak izan ziren, baina lekuak aldatuta. Berako Ainhoa Etxegarai eta Arantzako Alberto Fagoaga bigarren izan ziren (iaz hirugarren) eta Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena hirugarren (iaz bigarren).

Dani Saldias arraioztarra eta Irune Biurrun txapeldunak, Larretxea eta Telletxearekin.

Finalean zeuden bortz bikoteek hamabi korte eman behar izan zituzten 45 ontzako enborrean. Hiru lehenbiziko postuetan lehia estua izan zen, baina Saldiasek eta Biurrunek 5 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten lana burutzeko, Etxegaraik eta Fagoagak baino 13 guttiago (6.07). Iraizozek eta Barberenak irabazleek baino 21 segundo gehiago eta Bortzirietako bikoteak baino 8 segundo gehiago behar izan zituzten podiuma osatzeko. Uxue Rodriguez eta Iosu Huarte laugarren izan ziren (6.44) eta Oier Aizkorbe eta Miren Eizmendi bosgarren (7.36). Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidente den Jon Telletxea Beintza-Labaiengo alkatearen eta Patxi Larretxearen eskutik jaso zituzten sariak.

Arpanlarien txapelketa ez ezik, aizkolarien erakustaldia ere egin zuten Leurtzan. 

Arpana txapelketa mistoko finalistak eta erakustaldia egin zuten aizkolariak, igande eguerdian Leurtzan.


Eskualdeko bertze arpanlariei dagokienez, finaletik kanpo gelditu ziren Lekarozko Sela Goñi eta Jexux Goñi, Berroetako Sarai Maritorena eta Ekaitz Maritorena, Sunbillako Esti Gastearena eta Unai Bertiz eta Arantzako Naiara Manzano eta Mikel Oteiza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun