Joxean Etxeberria zigatarra Euskal Herriko lehen mailako aizkolarien finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 2a, 11:30

Larunbatean erabaki zen Donezteben azaroaren 1ean Iruñeko Navarra Arenan lehiatuko den seikotea.

Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zuten larunbat arratsaldean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Hamaika aizkolari aritu ziren lehian, azaroaren 1ean Iruñean jokatuko den finalerako sei txarteletako baten bila. Pronostikoak bete eta Otsagabiko Iker Vicente izan zen onena. Berekin batera, Hodei Ezpeleta Bihurri, Julen Gabirondo, Oier Kañamares, Zigako Joxean Etxeberria eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izanen dira finalean.

Kanporaketan 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor moztu behar zituzten, sei enbor guztira. Iker Vicentek 19 minutu eta 38 segundo aski izan zituen lan hori burutzeko. Erraz nagusitu zen Otsagabikoa. Bi minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Hodei Ezpeletari (21.55) eta ia lau minutu eta erdikoa hirugarren izan zen Julen Gabirondori (24.00). Oier Kañamares laugarren izan zen (24.03), Zigako Joxean Etxeberria bosgarren (24.44) eta Jokin Urretabizkaia seigarren (24.58). Hain zuzen, finalerako azken txartela ematen zuen seigarren postu horretan izan zen lehiarik estuena eta sei segundogatik finaletik kanpo gelditu zen David Naredo asturiarra (25.04), zazpigarren. Xuban Kañamares zortzigarren izan zen (27.321), Xabier Zaldua bederatzigarren (27.40), Iban Resano hamargarren (27.58) eta Alvaro Garcia hamaikagarren (34.12).

Aipatu bezala, sei lehenbizikoek jokatuko dute finala azaroaren 1ean Iruñeko Navarra Arenan. Kanporaketaren lau bikoitza egin beharo dute orduan, hamabi enbor moztea: 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako launa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun