Mitxeo izanen da Utergaren atzelari Nafarroako erremonte txapelketako lehen faseko azken jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 29a, 20:00
Doneztebeko Dabid Mitxeo erremontista gazteak lehen aukera izanen du txapelketa handi batean. Utergaren atzelari izanen da igandean Atarrabian.

Matxin III.a eta Otano izanen dituzte arerio igande arratsaldean Atarrabian eta bi bikoteek segurtatua dute finalerdietarako txartela

Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute urriaren 1ean, igandean 18:00etan Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan. Xanti Utergaren atzelaria Agirrezabala ordezkatuko duen Dabid Mitxeo Doneztebeko gaztea izanen da lehen aldiz eta Matxin III.a eta Otano izanen dituzte arerio.

Bi bikoteek lortu dute finalerdietarako txartela, baina lehen faseko bigarren postua izanen dute jokoan. Mitxeo gaztearentzat lehen aukera izanen da txapelketa handi batean.

Jaialdia hasteko partidan eskualdeko lau erremontista ariko dira: Aimar Jabalera eta Markel Leatxe doneztebarrak, Xuban Iturregi iruritarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra.

Erremonte Fundazioak antolatu duen txapelketa honetako jaialdi guztietan bezala, sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira. 16 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun