Gas galdarak mantentzeko zerbitzuetan gertatzen ari diren gehiegikerien inguruan ohartarazi du Irachek

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 14:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak ohartarazi berri du gas naturalaren galdarak mantentzeko zerbitzu teknikoen aldetik gehiegikeriak jasan izanaren berri eman dietela hainbat herritarrek. Konponketa akastunak edo neurriz kanpoko prezioarekin, bertze konpainia batera aldatzeko borondatea agertzerakoan jarri dizkieten trabak, bikoiztutako kobrantzak...

 

Beharrezkoa izan gabe, galdara berria erostea proposatu diete
Gehien errepikatzen den arazoetako bat konponketa akastunak edo neurriz kanpoko kostua dutenak izan omen da azken aldi honetan. Adibidez, etxeko galdara matxuratu ondotik gasaren hornitzailearekin duten mantentze zerbitzuari deitu diotenean gertatu zaio bati baino gehiagori. Gas-hornitzailearen teknikariak etxera joan eta, galdarak hamar urte baino gehiago dituela erranez eta, arazoekin hasia dela argudiatuz, hoberena galdara berri bat erostea proposatzen diete. Galdara batek, modeloen arabera, 1.000 eurotik gorako kostua izan dezake eta bezeroek nahiago dute galdararen fabrikatzaileari galdetu ea hori horrela den. Fabrikatzailearen zerbitzu teknikoa etxera iristean, aldiz, matxura ttiki bat baino ez dela azaldu izan diete, eta 120 euro baino guttiago kobratu konpontzeagatik. Irache kontsumitzaileen elkartearen bitartez, diru hori gas-hornitzailearen mantentze zerbitzuari eskatu zaio.
 
Gas-hornitzaileen zerbitzu teknikoak galdara matxuratu die, konpondu beharrean

Bertze kasu batzuetan, aldiz, gertatu izan da ongi funtzionatzen zuen galdara bat hondatu egiten dutela gas konpainiako teknikariek. Lan akastunen ondorioz, familia batzuek ia hilabete bat ur berorik gabe egon ziren otsailean. Azkenik, gasaren enpresak 800 euro baino gehiago ordaindu zien konpentsazio gisa.

400 eurotik gorako konponketa, baina arazoa konpondu gabe
Konponketa errepikatuak eta matxura konpontzen ez dutenak ere gertatu direla ohartarazi du Irachek. Azkenean, galdara fabrikatzaileari deitu eta hauen teknikariek konpondu zuten matxura. Kontsumitzaileen elkarteak dioenez, kasu batzuetan lortu da gas-hornitzaileak bezeroari 400 euro baino gehiago itzultzea.
 
Ordezko piezak 80 euroren truke, 15 euro balio dutenean
Errepikatu den bertze kasu bat piezak garestiago kobratzearena izan da. Gas enpresako teknikaria etxera joan eta 80 euro kobratu zien pieza bat aldatzeagatik. Harrituta, kontsumitzailea denda batera joan zen pieza horri buruz galdetzera, eta dendan pieza berdina 15 euroren truke eskaini zioten.

Mantentze-lanen zerbitzua erabiltzen dute konpainiaz aldatzea eragozteko

Jende ugari joan da Irachera gasaren konpainiaz aldatu nahi zutelako, gehiegi ordaintzen ari zirela eta eskaintza hobea ikusi zutelako. Oraingo konpainiari jakinarazi diotenean baja eman nahi zutela, hark mantentze-zerbitzua erabili du haiekin segitzeko disuasio-argudio gisa: erran die, joaten badira, ehun euro baino gehiago kobratuko dizkietela kontratatutako zerbitzu horrengatik.

Errebisioa pasatzera urtero, nahiz eta betebeharra bi urtean behin izan

2013tik, kontsumitzaileek bi urtean behin berrikusi behar dute gas naturalaren galdara (gasolioaren edo beste gai batzuen kasuan, bertze epe batzuk daude). Lehen, errebisioaren betebeharra urtekoa zen. Hala ere, oraindik badira urtero errebisioa egin eta fakturatzen segitzen duten mantentze-enpresak, eta kontsumitzaileei aditzera ematen diete beharrezkoa dela edo, hala egin ezean, aseguruarekin arazo bat izan daitekeela ezbehar bat gertatuz gero. Berrikuspen baten kostua, mantentze-zerbitzuaren barnean ez badago, 100 euro ingurukoa izan daiteke.

Nolanahi ere, ez dira nahastu behar galdararen errebisioa eta gas-instalazioen errebisioa.

Lan-partea eskatu behar da

Nolanahi ere, gasaren galdaran edozein errebisio edo konponketa egin ondotik, dela ordainpean, dela mantentze-zerbitzuaren barnean, garrantzitsua da lan-partea eskatzea, zer egin den idatzira ager dadin eta, gero arazoak sortzen badira, dokumentatu ahal izateko eta, beharrezkoa bada, erreklamatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun