Eta nola diren kontuak, gaur egun, «etxetik kanpo hainbertze urte pasatuta, euskara aunitz galdu» duela sentitzen du: «aditzak, formak...». Eta «kristoren pena» du: «Gurasoak euskaldunak, semeekin ere euskaraz, baina haunditu dira eta praktika falta zaidala nabaritzen dut». Gaineratu duenez, «lotsa ematen dit konbertsazio bat euskaraz ongi segitzeko kapaz ez izatea. Inguruan euskaraz ongi egiten duen jendea badela baldin badakit, urduritu egiten naiz».
Horregatik erabaki zuen iaz Doneztebeko euskaltegian apuntatzea, euskara maila «hobetzeko» asmoz. Kontu batzuk ikastea «zaila» egiten zaiola aitortu du: «hitz aunitz lehenagoko maneran erraten ditut eta oraingo hitzak gehiago kostatzen zaizkit. Eta aditzak ere ez dira errazak, Nor-Nori-Nork…». Hala ere, «arras gustura» omen dabil.
Euskararen egoerak ere kezka sortzen dio, «komunikabideetan euskara aitzinerat doala erraten dute, baina kanpoko giroan ez dakit nik hainbertze aditzen den. Euskaraz jakin igual bai, baina erabili… Hori bertze kontua da». Kanpotik etorritakoek euskara ikasten dutela ikusita, «emozionatu» egiten dela kontatu du, eta «etortzen diren guztiek» hala egin beharko luketela uste du; «beti guk etsitzen dugu, eta ez badute euskaraz solastatzeko beharrik sentitzen ez dute ikasiko». Gainerakoan, argi du bere helburua zein den: «denekin euskaraz egitea».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!