Berako eta Doneztebeko udal haur eskoletan jantoki eredua aldatzeko bidea abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 19a, 13:00

Argazkiak: Itsasne Mendiberri.

Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako elikadura dinamizatzailearen laguntzarekin eta inguruko ekoizleekin elkarlanean, Berako Mukixu Udal Haur Eskolan eta Doneztebeko Askin Udal Haur Eskolan jantoki eredua aldatzen hasi dira. Bertzeak bertze, ikasturte honetako menua aldatu dute eta berriki ikastetxeetako jantokietako sukaldariek formazioa egin dute.

2022ko abenduan Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako ikastetxeetako jantokietako kideekin bildu zen Itsasne Mendiberri Jaurena elikadura dinamizatzailea, jantokiko eredua aldatu nahi zutenei laguntza emateko asmoz. Horren ondotik, 2023ko urtarrilean Berako Mukixu eta Doneztebeko Askin haur eskoletan hori lantzen hasi ziren, inguruko ekoizleekin elkarlanean.

Lanketa horri esker, 2023-2024 ikasturterako menua aldatu dute, bertzeak bertze, «barazki, zereal integral eta lekale kopurua igoz, animalia proteina kopurua jaitsiz, eta frijituak, produktu eraldatuak eta azukretuak ekidinez». Horiek alde batera utzita, «eskualdeko produktuak» txertatu dituzte,  eta «zuzenean ekoizleei barazkiak eta ogia erosten» hasi dira, eta «bertzelakoak inguruko dendetan erosten dituzte, beti ere bertako produktuak lehenetsiz».

Horren harira, joan den astean, irailaren 12an, ikastetxeetako jantokietako sukaldarientzako formazioa ere antolatu zuten. Sukaldaritza osasungarria eta iraunkorra izenburupean, Iruñeko Haur Eskola bateko sukaldariak azalpenak eman zituen, han duela urte batzuk egin baitzuten menu aldaketa. Mendiberrik adierazi duenez, «formazioak arrakasta handia izan zuen: bederatzi parte hartzaile izan ziren, izena emateko kopurua bete zen eta batzuk parte hartu ezinik gelditu ziren. Sukaldarien artean haien ezagutza elkarbanatzeko aukera izan genuen eta platera eta osagai berriak nola prestatu ikasi genuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun